Udalbatzarraren ostean elkartu dira udaleko alderdi guztietako ordezkariak. Bertan biharko egunean ekintza bateratu bat egiteko adostasuna bilatzea zen helburua. Hala ere, nota baten bitartez PSE-EEk jakitera eman duenez Bilbuk bilera honetara eramandako proposamena ez dute gainontzeko alderdiek, PSE-EE, PP, EAJ eta PCLO, babestu eta honen bestez, PSE-EEk eskatzen zuen 2010eko udalbatzar akordioa betetzeko konpromezua hartu dute bilera honetatik kanpo.
Horrela izanda bihar honako ekintzak burutuko dira biktimak omentzeko asmoarekin eta PSE-EE-k gidatuta eta beste alderdiek babestuta Bildu izan ezik; Eguerdian, 12:00etan, pleno aretoan mozio baten irakurketa egingo da eta ondoren lore eskaintza egingo da udaletxearen atarian kokatutako biktimen omenezko plakan. Honekin batera herritarrak bertan egingo den 15 minutuko elkartaratzean parte hartzera deitu nahi izan dituzte alderdiek.
Biktima guztiak
Bilduk bere aldetik bilera honetan aurkeztutako idatzia helarazi digu orain minutu batzuk:
Gaurko egunean, honakoa adierazi nahi du Lasarte-Oriako Bildu udal taldeak:
1. Indarkeria guztien biktimak modu berean tratatuak izan behar direla deritzogu, inolako mailaketarik gabe. Oinarrizko giza eskubideen urraketa da biktima bihurtu dituena.
2. Euskal Herrian bake justua eta iraunkorra eraikitzeko ezinbestekoa da biktima guztien aitortzea egitea.
3. Era berean, ezinbestekoa deritzogu sufrimendu guztiak onartu eta zauriak sendatzeko konpromiso eta borondatea erakustea.
4. Eragindako mina erreparatzearen beharra ezinbestekoa deritzogu. Mota guztietako neurriak ezarri behar dira horretarako, baita politikoak, zeintzuk indarkeriaren erabilerak eragindako egoeren errepikatzea eta eskubideren urraketa egoerak gertatzea eragotziko duten.
5. Biktima orori egiaren ezagutza zor zaio. Gizarte justu eta baketsua lortzea izango da biktima guztien memoriarako benetako testigantza eta bermea.
6. Adiskidetzea lortzea eta elkarrenganako errespetua dugu helburu. Pertsona guztiek beren eskubideak bermatuak eta errespetatuak izango dituzten gizartea dugu helburu.
7. Eta bide horretan, Lasarte-Oriako Bildu udal taldeak deritzo gatazka politikoaren behin-betiko gainditzea izango dela giza eskubideen urraketa egoerarik berriro ez gertatzeko bermerik onena eta horretarako, ezinbesteko tresna dugu elkarrizketa.