Ostiralean, Kukai dantza taldea eta Tanttaka antzerki taldeen elkarlanaren fruitu den Otehitzari biraka lana ikusi ahalko da. “1937, gogoaren bidezidorretatik” ikuskizunarekin hasitako bidea jarraitu dute. Oraingoan Jorge Oteiza eta bere idatzizko lanak dira lanaren oinarria.
Ez da Oteizaren biografia. Oteizaren izaera eta bere ideiak islatu nahi izan dituzte. Kulturako, hezkuntzako, hizkuntzako, bizitzako.... alor desberdinetaz gogoeta ugari egin zituen Oteizak bere lanetan eta hauek ezagutzera eman nahi izan dituzte.
Oteizaren presentzia oso indartsua da. Soinu grabazioak eta hainbat irudi, elkarrizketa zatiak... erakutsiko dira. Oteiza bera mintzatuko da bere hitz eta poesiaren bidez eta honen lagungarri izango dira musika eta dantza.
Mireia Gabilondok lanaren gidoia egin du eta lana zuzendu du. Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Rafa Ruedak sortutako doinua Jon Maia dantzariaren koreografi lagunduko dute. Eta Mikel Laboa, Iñaki Salvador, Pello Zabala eta kultur munduko beste hainbesteren laguntza izan da proiektu honetan.
Bidai absurdua
Bestalde, larunbatean haur eta familiei zuzendutako dantza ikuskizuna izango da, “Ninika”.
Dantza garaikidea eta euskal dantza tradizionala nahasten ditu EiralE konpainiaren lanak.
Emanaldiak poesia eta absurdua korapilatzen ditu. Haur eta helduak, bidaian joango dira denboran zehar eta urtaroetan barrena.
Jantzien edertasuna, eszenografia eta mugimenduei esker poesia une gozoak biziko dituzte.
Sarrerak
Emanaldietarako sarrerak eskuragarri daude www.lasarteoriasarean.eu webgunean edo leihatilan. Aukeratutako bidearen arabera, “Otehitzari biraka” lana ikusteko 5 edo 6 euro ordaindu behar dira; “Ninika”-ren kasuan, berriz, 3 edo 3,20 euro.
Honetaz gain, Kulra sailak gogora arazten du, zinemarako sarrerak online erosteagatik hurrengo zine saiorako sarreren zozketan parte hartu ahal dutela herritarrek.
