“Edadetuekin behar handia dago”

jon-altuna-iza 2012ko azaroaren 12a

Blas Eraunzetamurgil Nagusilaneko laguntzaileak eman digu elkarte honetan ari diren erretiratuek musu truk egiten duen “lan garrantzitsuaren” berri. Jubilatutako pertsonek denbora libre asko izaten dute eta hauetako batzuek bakarrik bizi edota laguntza beharrean diren adineko pertsonekin pasatzen dituzte ordu batzuk. Horixe da Nagusilan elkarteko bolondresek egiten dutena.

Blas Eraunzetamurgil-ek Michelinen egin zuen lana, 58 urterekin jubilatu zen, duela 20 urte eta berak aitortu digu hainbat “saltsatan” aritua dela, Eskolako edo Michelingo Kooperatibako Batzordeetan edo Arraun elkartean. Orain Nagusilan elkartean ari da adinekoei laguntza ematen.

Noiztik ari zara Nagusilan-en?
Duela bizpahiru urte hasi nintzen, Ignacio Bocos, Michelingo lankide ohiak esanda.
Sarri joaten nintzen Atsobakarrera, batekin hitz egin, besteari mimo batzuek egin... Orain ukatu egin didate, baina Nagusilanen segitzen dut, ikusten dudalako lan handia egiten dutela.
Nagusilan ondo antolatutako elkartea da eta lan ona egiten du. Jose Luis Elosua zumaiarra da presidentea, gizon bikaina, hark jarraitzeko gogoa ematen dizu.

Nola izaten duzue Nagusilan-eko bolondresek beharra duten gaixoen berri?
Senideek deitzen digute eta esan “etxetik ez da ateratzen, bisitatuko al huke?”.
Horrela joaten gara, eta ez nuke eurei gaizki iruditzerik nahi, ondo hartu, gustura geratu eta atea irekita uztea baizik. Oro har etxetik ateratzen ez direnak burua galduta izaten dute, eta askotan eskainita ere konpainiarik ez dute nahi izaten.

Familiakoek, bai, esaten digute “zer poza ematen diguzuen”. Nagusilan-eko kide bezala joaten gara etxeetara, ondo iruditzen zaienetara. Hitz bitan esanda gure lana hori da, edadetuak laguntzea.

Zu bezalakoen behar handia al dago?
77 urte badauzkat, 20 urte daramazkit Michelinera joan gabe, libre... zenbat daude horrela? Gehienez 22 aritzen gara laguntzen, baina beharra askoz gehiago dago eta hazia zabaldu egin behar da.
Komunikatu egin behar da, ausartzen ez diren askori erakutsi beharra dago, boluntario zoazela hara, fidakaitz asko gaude gaur egunean.

Familiakoek, bai, esaten digute “zer poza ematen diguzuen”. Nagusilan-eko kide bezala joaten gara etxeetara, ondo iruditzen zaienetara. Hitz bitan esanda gure lana hori da, edadetuak laguntzea


Gehienez 11-12 gaixo ateratzen ditugu asteazkenero Atsobakarretik. Gehiago bagina, gehiago aterako genituzke. Gaur ateratzen dena hurrengo astean ez da aterako, denentzako jenderik ez dagoelako.
Eta atera daitezkeen artean denak aterako lirateke gustura. Uste dut 55 direla eta ateratzeko modukoak 25 bat izango dira.

Jende berririk hasten al da laguntzen?
Bai hasten da, baina gogo handia behar izaten da. Borondatezko lana da, ez lanera joatea, bestela agian ez nintzateke joango. Ni poz pozik joaten naiz, borondatea behar beharrezkoa da.
Ni hor nagoenetik bi gizonezko eta emakumezko bat hasi dira baina ez da erraza. Besteen etxeetan sartzen zara, bolondres, baina eurak agindutako tokian... badira gauza zailak.
Zuk bi urte eta erdi daramatzazu zeregin honetan...

Bai, oraindik oso gutxi. Joan etorria egon beharko litzateke boluntario eta arduradunen artean, baina hauek laguntza neurri bateraino bakarrik jaso nahi dute, hortik pasa gabe. Jokabide horrekin ez dute mesederik egiten baina...

Laguntzaile berriei zer eskaintzen die Nagusilan-ek eta zer eskatu?
Lehenengoa borondatea ikusi, lazo txiki bat eman eta aurrera egitea erabakitzen badu kontratua egiten diote eta aseguratu.
Miren da hemengo koordinadorea eta hark esan zidan paper bat bete behar nuela aseguratzeko, “zuri edo zuk daramazunari zerbait gertatuz gero, gu kargu egiteko”.

Lasarte-Oriako taldea sortu zutenak ezagutzen al dituzu?
Bai, sortzailea hil berria da, Pedro Artetxe.

Zer moduzko gizona zen?
Bere laguntzaile eta idazkari izan zenari entzun izan diot zein ona zen.

Non biltzen zarete?
Herrikoak Danok Kiden elkartzen gara, Oria ibai bazterrean, hilabetero azken ostegunean. Donostian, bi hilabetetik behin, Antigua auzoan Resurrección M. Azkue kalean 32, behean, Gipuzkoa guztikoak.

Gipuzkoa mailan, zer moduz da Lasarte-Oria?
Boluntario aldetik ez gara asko, gutxi gaude, baina lan handia egiten dugu.
Askoz hobeto egon daiteke baina ez dago gaizki.

Telefono laguntzarik ematen al duzue?
Lasarte-Orian ez, baina Donostian bai, “Hilo de plata” izena du eta martxa handia daramate.

Indartsu ikusten zaitut zahartzaroan?
78 urte egitera noa, eta honek asko lagundu nau. Egia esango dizut, 20 urte bete dira jubilatu nintzenetik eta horrek zabartu egiten zaitu. Utzi egiten dituzu gauzak.

Denbora libre asko daukanari entretenimendua ondo etortzen zaio, ezta?
Bai, hori esatera nindoan. Ni buruz behera erortzen hasia nengoen. Goizean jaiki eta zer eginik ez. Horregatik tarte bat hartzen nuenean Atsobakarrera joaten nintzen. Hara edo hona.

Gaixoak triste egoten al dira? Heriotza hurbil ikusten al dute?
Lur-jota, onenak emanda, gainbehera. Hor laguntzeko zerbait behar da, nola esan, ez pentsatu, behin ere ohituko ez zarela irudituko zaizulako, “honen bidea hartzen badut” pentsatzen hasten bazara, kitto.
Michelingo ezagun bat tokatu zitzaidan Atsobakarren, gizon aparta, jota ikusi nuenean, esan nuen, “benga aurrera”, bestela erori egiten zara. Zaintzailea gaixoa baino gaixoago.

Kupituta jartzen bazara, akabo. Toki batean badaude 22-24 pertsona gurpildun aulkietan, elkarri begira eta elkar ikusten ez dutela. Noizean behin antsi-hasperen bat botatzen dute, besterik ez.

Bejetalak bezala egoten dira?
Bai, hori da.

Bestelakorik, kantu, kirol, joko... antolatzen al duzue?
Bai. Nagusilan-ek bere korua eta abar baditu. Hemen, bingoa eta karta jokoak antolatzen ziren, baina jendea zahartu egin da eta pixka bat galdu.

Biyak Bat jubilatuetan egoten al zara?
Batzutan. Saltsan ibiltzen naiz, bi amonekin banku batean eseri eguzkitan eta: “Aqui estoy con estas dos chavalitas (85 urte zituen gazteenak) no se cual de las dos novias elegir”.
Gero, Sasoeta aldean “el chaval” deitzen didate.

Bizi poxa banatzen ari zara, beraz?
Bai, horixe.