Jesus Zaballos PSE-EEko ordezkariak gaur eguerdian prentsaren aurrean jakinarazi duenez, proposamen bat aurkeztu du Udal Batzarrak etxe kaleratzeen aurkako erabaki bat hartu dezan. Bi eskaera konkretu ditu proposamenak, batetik lasarteoriatarren bat etxetik kaleratzen duen finantza erakundeekin harremanak eteteko eskatzen du, hau da, Udalak banketxe horretan dituen udal diruak atera, kontu korronteak itxi eta kreditu operazio edo diru-sarrerarik ez egiteko erabakia hartu dezala eta bestetik, bigarren puntuan, Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi diezaiela hartutako erabakin gutun baten bidez finantza erakundeetako zuzendariei.
PSEren ustez, “egoera larrian daude milaka herritar, eta egoera okerrera joango da erakundeek neurririk hartzen ez baldin badugu. Krisiaren aurpegirik mingarrienetarikoa, burutzen ari diren milaka etxe kaleratzeena da, zoritxarrez kanporatutako batzuek bere buruaz beste egiteraino”.
Proposamenean Finantza Erakundeen jarrera salatzen da: “Euren arazoak konpontzeko laguntza publikoak jasotzen dituztenak ez daude une honetan etxea galtzeko eta kalean izateko arriskuan diren milaka familiekin negoziatzen hasteko prest”.
Zaballosek adierazi duenez Espainiako Gobernuak hartu behar ditu erabakiak, baina Udalak ere zerbait egin dezake. Herrian bulegoa duten banketxe guztiekin lan egiten du Lasarte-Oriako Udalak, denetan ordaindu daitezke zerga, tasa edo isunak eta kreditu baten premia dagoenean edo epe baterako dirua gorde beharra duenean Udala guztiekin jartzen da hartuemanetan. Zaballosek esan du alkatearen esku dagoela banketxearen aukeraketa eta beraz kaleratzeko arriskuan dauden herritarrak babesteko horrelako erabakia hartzeko moduan dagoela Udala.
