Udalbatzar luzea atzokoa

maider-azurmendi 2012ko azaroaren 14a

Ohiko Udalbatzarra luzea izan zen bart, hiru ordu luze. Gai zerrendan aurre ikusitako gaiei beste hainbat gehitu zitzaizkion eta galdera eta eskaeren tartea zabaltzean, langabetuen plataformak luze jardun zuen euren kezka eta eskaerak egiten. Euren aldarrikapenak udalbatzarra egin bitartean ere presente egin ziren. Besteak beste, Lasarte-Oriako udalak lehiaketa martxan jarriko du udalaren irudi korporatibo berria aukeratzeko, saria 3.000 eurokoa izango da.

Ohiko udalbatzarra ospatu zen atzo. Gai zerrendan aurre ikusitakoaz gain, asko luzatu zen guztira hiru ordu luze izan ziren, izan ere beste gai asko azaleratu ziren galdera eta eskaeren tartea zabaltzearekin batera. Etxe kaleratzeen inguruko urgentziazko mozioa ere denbora luzez izan zen azalduta PSE-EEko Jesus Zaballos eta Bilduren izenean Pablo Barrio alkatearen ahotan. Iza ere, gai ordenatik kanpo aurkeztu ziren gaiaren inguruko bi mozioak eta biak batzeko akordiora iritsi ziren aho-batez alderdi guztiek. Aipatzekoa da PPko ordezkaria zein Marisa Zubiri ez zirela atzoko plenoan egon.

Gai zerrendarekin ekin zioten ohiko batzarrari, lehenik aurreko udalbatzarreko akta onartu zuten. Ondoren, udaleko pertsonalaren laneko kondizioen marko arautzaile berria onestea bozkatu behar izan zuten. Kontrako bozka eman zuten PSE-EEko 6 ordezkariek baina hala ere, udal gobernuaren aldeko bozkekin onartuta gelditu zen udal langileekin lortutako akordioa. Ana Isabel Prietok azaldu moduan, udaleko langileekin aspaldi lantzen ari zen euren lan baldintzen inguruko marko aldaketa eta "prozesua luzea izan arren, bi aldeentzat onurak bilatu dira eta lau urterako akordioa lortu da eta hau oso pozgarria da guretzat."

Ondoren, korporazio-kide liberatuen gehiegizko kopurua finkatu zen 2011ko uztailaren 11ko udalbatzar akordioa izan zuten hizpide, izan ere hau aldatzea eskatu zuen udal gobernuak. Aldaketa EAJko zinegotzien liberazioan datza, orain arte Boris Nogalesek jornada osoko liberazioa zeukan eta Estitxu Alkorta ez zegoen liberatuta, orain liberazio hori elkarbanatuko dute bien artean eta gainontzeko alderdiek begi onez ikusi zuten hau. Alkateak azpimarratu nahi izan zuen udalari aldaketa honek ez diola diru gastu estrarik eragiten.

Udalaren irudi berria
Udala erakundearen logotipoa eta irudi korporatiboa lantzeko lehiaketaren oinarriak onartu nahi izan zituen udal gobernuak. Alkateak azaldu moduan, beharrezkoa ikusten du udal gobernuak udalaren irudia bera berritzea eta hau dela eta, San Pedro jaietako kartelarekin egin bezala lehiaketa bat martxan jartze proposatu zuen. Irabazleak 3.000 euroko saria jasoko luke proposamenaren arabera.

PSE-EEk aurka bozkatu eta Jesus Zaballosek argitu nahi izan zuen euren bozkaren arrazoia, "lehiaketa bera ez zaigu gaizki iruditzen baina orain ez da momentua, badira udalean presazkoak diren gai garrantzitsuagoak gure ustetan". Hala ere lehiaketa izango da udal gobernua osatzen duten alderdien aldeko bozkekin. Aurrerago lehiaketa honen oinarriak etab. zabalduko ditu udalak.

Honetaz gain, 2012 ekitaldiak kredituak aldatzeko gaur arte bideratu diren dossierren berri eman zuen Estitxu Alkortak. Horrela Adarra kaleko babes ofizialeko etxeei dagokien Jaurlaritzarekin sinatutako kitapena egon dela azaldu zuen. Honekin batera BEZaren igoera dela eta orokorrena gastu berriak sortu eta Gaztelekurako pertsona baten aldi baterako kontratazioa burutu behar izan dela eman zuen jakitera. Jarraian udal ondasun eta eskubideen 2011ko inbentarioan egindako aldaketak onartu zituzten alderdiek aho-batez.

Zergak lanarekin kitatu
Zazpigarren puntuan, PSE-EEk aurkeztutako mozioa eztabaidatu zen. Honen bitartez proposatu zuen alderdi sozialistak enplegurik gabe dauden herritarrak udal zorrak gizarte lanarekin “ordaintzeko” aukera aztertzea eta horrela lanaren bidez kitatu udalarekin euren zergak ez ordaintzeagatik sortutako zorra.

Gorka Lizarraga Gizarte Zerbitzuetako batzorde burua oso kritiko azaldu zen proposamenarekin izan ere, "lan postu prekarioak sortzeko arriskuan eror daiteke udala" batetik eta gainera, "udalarentzat gastua eragingo luketelako halako lan postuek izan ere, pertsona hauengatik seguru bat ordaindu beharko litzateke baita gizarte segurantza ere. Agian ez da neurri egokiena." Horrela Lizarragak esan zuen zor hauek ez sortzeko, udal tasen moldagarritasunera jo beharko dela, hau da, "lanik gabe daudenen kasuak, familien egoera aztertuta tasak murriztu hauek ordaindu ahal izateko adibidez".

Plataformak bere aldetik proposamena bera beste aukera batzuen artean aztertzea ondo ikusten duela azaldu zuen "sortzen den zor honi nolabaiteko irtenbidea eman behar zaio eta horretarako uste dugu ona dela aukera guztiak sakonki aztertzea".

EAJko Extitxu Alkortak gaia mahai gainean askotan azaldu dela adierazi zuen baina hau gauzatzea benetan zaila dela udal batentzat. Hala ere, neurri guztiak aztertzearen aldeko azaldu zen ere. Horrela bozkatzeko garaian PSE-EE eta Plataformak aldeko bozka eman zuten, Bilduk kontra eta EAJ abstenitu egin zen. Proposamena onartuta geratu zen beraz, zergak gizarte lanekin ordaintzearen aukera aztertua izango da.

Etxe kaleratzeak
PSE-EEk eta Bilduk mozioak aurkeztu zituzten etxe kaleratzeak salatzeko. Besteak beste familia askoren egoera zailarekin elkartasuna azaldu zuten eta hainbat konpromezu hartzeko akordiora iritsi ziren alderdiak etxe kaleratzeak herrian gauzatzekotan udalak bere esku dauden hainbat neurri hartzeko besteak beste udal kontuak etxe kaleratzeak burutzen dituzten entitateetatik kentzea.

Galdera eta eskaeran tartea zabaltzean asko izan ziren jorratutako gaiak. PSE-EEk hartu zuen hitza lehenik eta hiru galdera bota zizkion udal gobernuari. Batetik ea intxisuko bizilagunek zergatik eman behar izan zuten bozka obretarako pabelloietan eta ez bizilagunen elkartearen egoitzan. Bigarren, Aldundiari itzuli beharreko dirua zertan den eta azkenik, Adarra kaleko etxeen inguruan informazio faltsua eman zutela egotzita hau gezurra dela leporatu zion Bilduri.

Lehen erantzuna Ana Prietok eman zion Zaballosi izan ere, bizilagunekin askotan hitz egin ondoren, adostasunera ez dela iritsi azaldu zuen egoitzaren berritze lan batzuk eskatzen zaizkiolako udalari besteak beste eta hurrengo hauteskundetarako inguruan etxe berrietako lokal bat izango dela aurreratuz.

Aldundiari itzuli beharreko dirua Alkorta eta Barriok azaldu moduan, aurre ikusita zegoen presupuestoetan eta ondorioz 500.000 euro inguru laster bueltatuko zaizkio "oraindik honen inguruan hitz egiten ari gara aldundiarekin baina ordainketa bakarrean itzulketa egiteko eskatzen zaigu udalei".

Azkenik Adarrako etxe babestuen jabeekin udalak bilera informatibo bat egin duela azaldu zuen alkateak eta datuen hika-mikan sartu ziren Barrio eta Zaballos. "Udalak bere esku dagoen guztia egiten ari da lanak aurreratu eta etxeen jabetza ahalik eta lasterren bizilagunei emetako".

FCCren zerbitzu eskasa
Ana Prieto Zerbitzuetako buruak PSE-EEko Martin Morenori kritika gogorra egin zion. FCC enpresarekin udalak sinatuta duen kontratuan egondako irregulartasun guztiak jarri zituen mahai gainean.

Udaleko brigadako langileek FCCk kontratuaren arabera honek egin beharreko lan asko egin dituztela salatu zuen eta PSE-EEko Martin Moreno jo zuen erruduntzat "zure esku zegoen zerbitzua kontrolatzea eta kontratua bete araztea, udalak txakur kakak garbitzeko motorra eta guzti erosi zuen, ez da gure herriko kaleetan inoiz egon FCCri eskatu diogu eta han zuten, noski gurera ekarriko dugu erabiltzeko".

Langabetuak lokal eske
Langabetuen plataformak euren jarduna burutzeko egoitza bat eta baliabideak eskatu zizkion udalari, ordenagailuak besteak beste. Langabeziaren arazoa herrian larria dela argudiatuz, neurri zehatzak hartzeko asmoa duten galdetu zieten udal ordezkariei. Luze jo zuen inpresio aldaketa Gorka Lizarraga, alkatea eta langabetuen artean. Udalak lan postuak sortzeko dituen zailtasunak azaltzen saiatu ziren besteak beste.

Horretaz gain, hiru orduek gehiagorako ere eman zuten Aralarreko Maddik etxe kaleratzeen inguruan ere salaketa egin nahi izan zuen eta Izagirrek berriz ere Lasarte eta Lasarte-Oria izenaren ingurukoak azaldu nahi izan zituen. Herritarrak izen ofiziala Lasarte behar duela argudiatu zuen.

Luzea eta nahasia gertatu zen beraz azaroko ohiko udalbatzarra. Bertan jorratutakoak lantzeko aukera izango dugu aurrerantzean ziur.