Normaltasuna izan da nagusi gaur goizean Lasarte-Orian. CCOO eta UGT sindikatuen greba orokorrerako deiak ia ez du erantzunik izan herrian eta ez da nabaritu ez enpresa ezta kalean ere. Ez da manifestaziorik egin eta ez da erdigunean lanuztearen aldeko langilerik ibili.
Lasarte-Oriako langabetuen plataformak asteazkenero bezala Okendo plazan hasi eta Kultur Etxeraino manifestazioa egin du. Gaur, “Lasarte-Oriako langabetuen plataforma, lan eta aberastasun banaketa duin batengatik” pankartarekin batera beste bat atera dute: “14a greba? Langabetuak urteko 365 egunak” zen langabetuen gaurko eskaera.
Hipodromo kalean, Euskotren geltoki inguruan, Ertzantzak gelditu egin du langabetu taldea eta manifestazioa egiteko baimena eskatu diete. Langabetuen ordezkariek baimena erakutsi eta bi ertzainek papera itzuli bitartean bertatik ez mugitzea eta Hipodromo kalearen bi norabideak moztea erabaki dute. Zaratatsua izan da momentua, langabetuen txistua jo ohi dute manifestazioan eta horri, auto eta kamioietan zirenen bozina hotsak gehitu bait zaizkie. Auto ilarak sortu dira, baina protestak ez du luze iraun, gutxi gorabehera ordu laurden batean egon da etenik zirkulazioa. Behin poliziek langabetuei paperak itzuli dizkienean eten dute hauek protesta eta ohi bezala kultur etxerantz abiatu dira. Ordurako poliziek laguntza eskatuta zuten eta Ertzantzaren bi furgonetan hurbildu dira Hipodromo kalera, baina ez dute esku hartu beharrik izan.
