287 proposamen eta 287 erantzun

Nerea Eizagirre 2012ko aza. 15a, 17:29
Auzoz auzoko bileren laugarren pausoa aurrera eramango du Lasarte-Oriako Udalak. Hurrengo ostegunetik aurrera, berriro ere, auzoetan bilerak izango dira. Herritarrek proposatutako ideiei Udal teknikariek emandako erantzunak azalduko dituzte. Eta kasu batzuetan konponbidea erabakitzeko aukera ere izango dute.
Larraitz Sarobe Parte-hartze saileko teknikaria eta Alaitz Mendizabal Parte-hartze saileko burua gaur eguerdiko aurkezpenean.

Gaur eguerdian, Lasarte-Oriako Udaleko Parte-hartze sailak auzoz auzoko prozesuaren hirugarren eta laugarren pausoak auzkeztu ditu Okendo plazan egin den prentsaurrekoan. Alaitz Mendizabal Parte-hartze saileko burua eta Larraitz Sarobe teknikaria izan dira bertan.
Alaitz Mendizabalek jakitera eman duenez, “4. pausuari ekingo diogu hurrengo astean. Bilera hauetan, arestian jasotako proposamen bakoitzari erantzun bat emango zaio, hau da, Udalaren barruan departamentu bakoitzak landu duen erantzuna”.

Prozesua pausoz pauso

Agerraldian honelako esperientzia bat Lasarte-Orian gauzatzen den lehen aldia dela gogoratu dute, baita eman diren pausoak ere.
Auzoz auzoko bileretan lehenik herritarren proposamenak, ideiak, kezkak... jaso ziren. Bigarren bileretan lehentasunak ezarri ziren eta hauek teknikoen esku jartzeko konpromezua hartu uzen Udalak.
3. pauso honek uste zena baina denbora gehiago eman diela onartu dute prentsaurrekoan, “lanketa hau ez da batere erreza izan, departamentu bakoitzak bere erritmoa baitu eta egunerokotasunean mila gai lantzen baitira”.
Hala ere, “gauza guztiak nahi bezala eta nahi bezain azkar atera ez arren lan egiteko era berriak fruitu asko ematen ditu” adierazi zuen.
Eta azkenik, 4. pausuarekin auzoz auzoko parte-hartzeari amaiera bat eman nahi dio Udalak, “auzotarrei erantzunak emanaz”.

Bilerak auzoetan

Honela, Parte-hartze sailaren asmoa aurrera begira herritarrekin bide honetatik jarraitzea izango da, “gertutasunez lanean eta era honetan, bilera hauetan ere gure eskura dauden azalpen guztiak emango ditugu”.
Izan ere, herritarrekin egindako bileretan jasotako 287 proposamenei erantzuna emango baitzaie hurrengo asteetan, hau da, 287 proposamen 287 erantzun.
Honetaz gain, bilera hauetan auzo bakoitzari dagokion kontu txikiren bat ere erabakitzeko aukera izango dela aurreratu dute prentsaurrekoan.
Bilerak honako leku eta egunetan izango dira:

1.- Zabaleta, Goiegi. Azaroaren 22an, 19:00etan, Zabaletako auzo elkartean.
2- Oztaran. Azaroaren 23an, 19:00etan, Lanbide eskolan.
3- Basaundi, Oria. Azaroaren 26an, 19:00etan, auzo elkartean.
4- Zumaburu, Goikale.Azaroaren 27an, 19:00etan, Euskaltegian.
5- Atsobakar. Azaroaren 28an, 19:00etan, Garaikoetxean.
6- Sasoeta. Azaroaren 29an, 19:00etan, Sasoetako ikastetxean.
7- Erdigunea. Azaroaren 30ean 19:00etan, Manuel Lekuonan.

Lasarte-Oriako Udalaren izenean Parte-hartze saileko arduradunek gonbidapena luzatu nahi diete herritar guztiei bilera hauetara gerturatu daitezen.
“Urte hasieran hasi ginen bide hau lantzen, auzoetan ideiak jasoz eta honela hurrengo urteko aurrekontuetan bere islada izango dute, zirkulua itxiz. Azken finean, aurtengo Udal aurrekontuak parte hartzaileak eginez,” adierazi du Larraitz Sarobek, parte-hartzeko teknikariak.