Errugbiaren jaialdi handia kirol gunean

Nerea Eizagirre 2012ko azaroaren 16a

Lasarte-Orian errugbi zaletu ugari dago eta gure herrian estreinekoz errugbi partida bat ikusteko aukera izango da bihar eguerdian, Ostadar Beltzak Gure Etxea-Gernika. Lehen aldia da Michelingo Kirol Guneko zelai berrituan errugbian jokatuko dena eta Beltzak taldeko beteranoek jaialdia handia eta berezia izatea espero dute.

Bihar egun handia izango da urtetan herrian errugbi zelaia egoteko borrokan aritu direnentzat,” aipatu du Manu Pelaez Errugbi eskolako taldeen kudeatzaileak. Izan ere, Michelingo zelaia berritu dutenetik bertan errugbian ere jokatu ahalko da eta horregatik, bihar eguerdian Kirol Gunean errugbi partida bat ikusteko aukera izango da, Ostadar Beltzak Gure Etxea-Gernika.
Iñigo Encinas Beltzak Ostadar eskolako arduraduna eta Manu Pelaez taldeen kudeatzailearekin izan gara norgehiagokari, zelaiari eta Errugbi eskolari buruz gehiago jakiteko.

Partida garrantzitsua
“Lehen ere jokatu da Michelinen errugbira, baina orduan futbol zelaia zen bakarrik. Orain errugbi zelaia ere bada,” azaldu digu Pelaezek. Horregatik bihar eguerdian kadete mailako Euskal Ligako partida izango da gure herrian lehenengo aldiz. “Egun garrantzitsua da guretzat urte asko daramatzagu errugbi zelaia borrokatzen. Egun polita izango da guztientzat eta batez ere, errugbian jokatzeko herritik atera behar izan diren jokalarientzat eta Beltzat taldeko beteranoentzat,” adierazi digute. “Errugbi zelaia inoiz ez izatea eta lortu izana. Guretzat oso garrantzitsua da,” aipatu du. Izan ere, “Hipodromoan jokatzen genuen bertan ezin zela esan zutenera arte” gogoratu du Iñigok eta “Hipodromo etorbidean ere jokatu dugu, errepidean” atxiki du Manuk. Beraz, haurrak bertan jokatu eta entrenatzen ikustea “oso pozgarria eta hunkigarria” izango dela aipatu dute.

Inaugurazioa
Partida honetan inaugurazio antzekoa egin nahi dute eta horretarako, “Zarautz taldeko beteranoak eta gure aurka jokatu duten taldeetako jendea izango da. Gipuzkoako federazioko eta udal ordezkariak ere gonbidatu ditugu”.

Izan ere, eskerrak eman nahi dizkiete azken legealdietan alkatetzan izan direnei. “Lehen aldia da 25 edo 30 urteetan kasu egiten digutena. Aurreko alkateak, Zaballosek 25. urteurrenean bultzada txiki bat eman zigun eta futbolaz gain, beste kirol batzuk daudela jakiteko balio izan zuen. Zelaiaren aldaketari buruz hitz egin genuen berarekin eta oraingo alkatetzak aurrera eraman du proiektua,” azaldu digute.
Partida berezi honetan eskolako txikiek pasilloa egin eta lehen partida honen oroigarri Gernikari plaka bat emango zaiola aipatu digute.

Eta noski hirugarren denbora ere izango da, “guztientzat. Benjaminetatik maila nagusietara. Hirugarren denbora oso garrantzitsua da, jokoaren zati bat da. Beste taldeko jokalariekin jokaldiei buruz hitz egin... Guztiak batzeko modu bat da eta zelaian gertatzen dena bertan geratzen da,” aipatu du Encinasek.

Zelai egokia
Zelaiari buruz galdetzean, egoera onean dagoela azaldu digute. “Ordizia edo Arrasateko errugbi zelaiko egoeran dago gurea,” azaldu digu. “Lehen zaila zen zelaian zegoen egoeran errugbia irakastea, bai guk, baita haurrek ere urradura ugari eraman ditugu etxera,” aipatu dute. Honetaz gain, denboraldi honetan Beltzak Ostadar Gure Etxea kadete taldeak etxeko partidak Michelinen jokatzeko asmoa agertu du. “Hurrengo urtean agian beste mailatako partidak ere ekartzen saiatuko gara. Zarautzekin batera jokatzen duten infantil federatuak edo eskolartekoak. “Ikusiko dugu” aurreratu dute Beltzak Ostadar Errugbi eskolako kideek.

“Orain arte ez dugu arazorik izan bertan jokatzeko. Futbol zelai asko dagoelako. Baina talde gehiago baldin baditugu ikusiko da zer gertatzen den,” aipatu dute.

Michelingo kirol gunea taldez gainezka dagoela eta horri ere irtenbidea eman beharko zaiola azpimarratu dute, “zaila dago. Kirol guneak eskaera handia du, batez ere, futboleko partidak izaten dira. Eta horretara moldatu beharko gara,” azpimarratu dute.

Gainera, “etxean jokatzen hasten bagara, gazteek errugbia ikusiko dute eta eskaera handiagoa izatea espero dugu. Michelingo kirol gunea zaharkitua dago eta talde asko gaude bertan,” atxiki dute.

Errugbi eskola
Egun Beltzak Ostadar errugbi eskolan 80 bat haur daude benjamin, alebin, eskolarteko infantila eta infantil federatu taldeetan banatuta. “Pixkanaka jende gehiago animatzen da. Añorga Txiki eta Andoaingo gaztetxoak ere etorri dira. Usurbilen ere gure kirola aurkeztu nahi dugu,” aipatu digute.

Eta ikastoletan pausoak ematen hasi direla ere azaldu digute. “Andoainen hitzaldiak eman ditugu. Errugbia zer den eta kirol soila ez dela erakusten dugu. Erakustaldiak ere egin ditugu. Errugbia ohiko kirolen alternatiba izatea nahi dugu,” adierazi dute eta Lasarte-Oriako ikastetxeetan ere horrela jarduteko asmoa jakitera eaman dute.

“Haurrek futbolaz gain, beste kirol batzuk daudela ikus dezaten nahi dugu. Kirol desberdinak probatzea nahi dugu eta gure kasuan, inongo kosturik gabe” aipatu dute.

“Hiru urteetan familiek ez dute ezer ordaindu. Dirua lortzeko beste modu batzuk ditugu, kamisetak saltzen ditugu, gabonetan saskia zozketatzen da...” azaldu digute. Izan ere, “guk izan ez genuen aukera haurrek izatea nahi dugu” adierazi dute. Honetaz gain, aurten ere ikasurte bukaeran Lasarte-Orian Errugbi eskolen Topaketa izango dela aurreratu digute. “Denboraldi amaieranizaten da eta Gipuzkoako federazioak topaketa horrekin ematen dio amaiera. Hurrengo urtean agian beste topaketaren bat egiten saiatuko gara, baina, aurretik esan bezala, zelaiaren erabilgarritasuna ikusi beharko da.”