Rosa Gainzak 20 urte daramatza lanean herriko osasun-zentroan, erizain burua da bera. Ia urtero parte hartu izan du modu batera edo bestera Osasun Astearen egitarauan. “Herritarrek informazioa eduki behar dute, tresnak eman behar zaizkie euren osasunaren arduradun izan daitezen”.
Aurtengo hitzaldia Enrique Contreras osasun zentroko zuzendariarekin batera emango du eta hautatutako gaia, arrisku kardiobaskularrak eta Gripearen aurkako txertoa.
Zergatik arrisku kardiobaskularrak eta gripea?
Batez ere arrisku kardiobaskularrei emango diegu garrantzia. Honen barruan patologia asko sartzen dira eta herritar askok pairatzen dituzte hauek, arruntenak direla esan daiteke, bihotzarekin zerikusia dutenak baina baita bestelakoak ere.
Orokorrean, entzuleak kokatzeko, sistema nolakoa den azalduko dugu eta gero gaitz hauek izateko arrisku faktoreak zeintzuk diren aipatuko ditugu. Honekin batera gaixotasun mota hauek ekiditeko gure esku dauden tresnak, aholkuak emango ditugu aditzera. Argi dago badaudela faktore batzuk aldatu ezin ditzakegunak, hau da, adina edo genetika bezalakoak, baina beste batzuk ordea, gure esku daude aldatzea sedentarismoaren kontra kirola edo aktibitate fisikoa sustatu, tabakoa, alkohola baztertu obesitateari aurre egin... Osasunari begira jarrera proaktiboa izan behar dugu.
Eta gripea?
Bai, oso ohituta gaude ondoeza dugunean gripea daukagula esatea eta ez da horrela. Jendeak ez daki ondo gripea zer den eta askotan katarro arruntekin nahasten da. Garrantzitsua iruditzen zaigu gripea zer den ondo azaltzea eta batez ere orain, urte sasoi honetan gaixotzeko arrisku gehiago daukagun garaian gaudela.
Jakinda gaixotasuna nola zabaltzen den, zer den, jendeari tresnak ematen dizkiozu ahal den neurrian gaixo daudenetatik urrundu edota gaixo gaudenean medikura joan gabe deskantsatu eta zaintzea. Jakin ezean, ezingo dugu gaixotasuna saihestu edota behar bezala tratatu.
Zer da gripea?
Gaixotasun birikoa da eta jakin behar da gripea bera parasito bat dela. Hau da, beste zelula bat behar du bizitzeko eta hain zuzen horregatik bere kontra ezer gutxi egin daiteke, berak eragindako ondorioak soilik arindu ditzakegu botikekin.
Zeintzuk dira ondorio horiek?
Arruntenak ondoeza, buruko mina eta sukarra izaten dira. Kasu hauetan paracetamol-a ematen da hauek arintzeko baina gainontzean ezin da ezer egin. Ohean geratu, deskantsatu eta asko hidratatu, A eta C bitaminak hartzea da egokiena.
Ondo zaintzen al gara?
Jende askok ez dio gorputzari deskantsatzen uzten gaixo dagoenean, lanera joaten da adibidez eta ez genuke hau egin behar. Gripea daukagunean deskantsatu behar dugu, gure sistema immunologiakoari gaitzari aurre egiten utzi behar diogu, hori egiten ez dugunean gaixo denbora gehiago egongo gara. Atsedena oinarrizkoa da. Gripearen iraupena aste bete eta bi aste artekoa izaten da eta nekea izaten da uzten duen ondoriorik luzeena.
Gripearen aurkako txertoa eraginkorra al da?
Bai eta prebentzio garrantzitsuena da jende askorentzat. Izan ere, badira neurri bereziak hartu behar dituzten herritarrak. Gripearen aurka eraginkorrena txertoa da zalantzarik gabe eta pertsona jakin batzuei gomendatzen zaie urtero hau hartzea.
Horrela 65 urtetik gorakoek, diabetesa dutenek, asmatikoak, gibela edota bihotz gaixotasunak dituztenek hartu behar dute hau. Gaitz hauekin suposatzen da arriskutsua izan daitekeela gripea bera. Pertsona hauen kasuan gripe bezala hasten dena larriagoak diren gaitzetan bihur daitezke, hala nola, bronkitisa.
Nola zaindu behar gara?
Esan bezala oinarrizkoa da norberak bere osasunaren arduradun izatea eta jarrera proaktiboa azaltzea. Gaztetatik hasi behar gara zaintzen. Oinarrizkoa da kirola egitea baino, bizitza aktibo bat edukitzea, elikadura zaintzea eta ohitura osasungarriak hartzea.
Gaztetan horrela ohituta, ondoren osasuntsuagoak izango gara eta hobeto egongo gara gaixotasun eta gaitzei aurre egiteko, bizi kalitatea izango dugu heldutan.
Garrantzitsuak al dira horrelako hitzaldiak?
Bai oinarrizkoak. Lehen esan bezala guk behar dugu izan gure osasunaren arduradun eta horretarako informazioa behar dugu, tresnak. Hauek jasotzeko medikuarekin hitz egitea oinarrizkoa da gaitzak aurreikusi behar ditugu eta ez gaixotzeko neurriak hartu.
Osasuna sustatu behar da, gaixo gaudenean sendatzea garrantzitsua da baina garrantzitsuagoa da, ondo gaudenean hala jarraitzea ezta?
20 urte daramatzazu hemen, Orain gehiago zaintzen al dira lasarteoriatarrak?
Baietz esango nuke. Kontzientzia sortu da. Lehen egunero ibiltzera ateratzea ziren edadetuak askoz gutxiago ziren, orain koadrila handiak ikusten dira. Hala ere, haurren kasuan batez ere, nahiz eta kirola egin sedentarismoa handiagoa da, telebista eta bideojoko asko sofatik mugitu gabe egiten dute eta hori ez da ona.
Horrekin batera prekozinatuak asko kontsumitzen dira etxe askotan eta hauek ez dira osasungarriak. Hala ere, osasuntsu bizitzeko jendea hezi behar da.
XX.Osasun Astea
Astelehena 19: “Nola aurre egin buruko arazoei”.
Hizkariak Veronica Pazos eta Iker Arrizabalaga izango dira. AGIFES-eko Gizarte laguntzailea eta Koordinatzailea dira eta Gipuzkoako famili eta eri psikikoen elkarteko langileak. Hitzaldiaren helburuak pertsona batek buru gaixotasunak dituenean zer egin, tratamenduak, baliabideak azalduko dituzte.
Asteartea 20: “Erlaxazio tailerra” Naiara Urkizu yoga eta pilates irakaslearekin. Lehenengo hitzaldia eskainiko du eta gero erlaxazio praktika egiteko aukera izango da.
Asteazkena 21: “Garaiko elikadura” Egoitz Garrorekin. Elikadura eta osasuna guztiz lotuta daude eta garaiko produktuetan oinarritutako elikadura da osasungarria.
Osteguna 22: “Arrisku kardiobaskularra eta Gripearen aurkako txertoa” Enrique Contreras medikua eta Rosa Gainza erizainarekin. Lasarte-Oriako Anbulategiko Zuzendaria eta Erizain nagusia dira.
Hitzaldi guztiak 19:00etan izango dira Manuel Lekunan.
