Buruntzaldea IKT-ko lagunak lehiaketa garaian murgilduko dira

Nerea Eizagirre 2012ko azaroaren 16a

Bi hilabeteko prestakete ostean, lehiaketetan parte hartzeko garaia iritsi da Buruntzaldea IKT-ko gazteentzat. Itsaso Tolosa, Haitz Mitxelena eta Mikel Esnal bihar Euskal Ligako lehen jardunaldian izango dira lehian.

Neguko denboraldia asteburu honetan hasiko da Buruntzaldea IKT-ko igerilarientzat. Bihar Itsaso Tolosak, Haitz Mitxelenak eta Mikel Esnalek lehiaketa izango dute, Euskal Ligako jardunaldia Santurtzin.
Borja Apeztegia entrenatzaileak aipatu digunez, “saio garrantzitsua da, hilabete bukaeran Espainiako txapelketa dago eta. Jardunaldi honek markak egin eta Estatuko lehiaketa prestatzeko balioko die Haitz eta Itsasori”. Eta Mikelen kasuan, garapena ikusteko balioko du.

Neguko denboraldia
Buruntzaldea IKT-ko entrenatzaileak aipatu digunez, denboraldi honetan igerileku motzeko eta luzeko lehiaketak izango dituzte taldeko gazteek. Era honetara, Gipuzkoako ligako jardunaldiez gain, Euskal Herriko zirkuituko sari nagusietan ere parte hartuko dutela azpimarratu digu.

Taldea eta helburuak
Taldeari dagokionez, gazteek duten jarrerarekin oso gustora dagoela jakitera eman digu.
Bestalde, taldean bi multzo daudela azaldu du batetik hainbat urte lanean daramatzatenak eta bestetik, aurten infantilen lehen urtean hasi diren gaztetxoak.

Kadete, jubenil, gazte eta absolutu mailako igerilariak maila hoberena emateko entrenatzen direla aipatu digu Borjak. “Denek Euskal Herriko txapelketarako gutxienekoa lortzea espero dugu eta Espainiako txapelketara doazenak sailkapenean postuak hobetzea”.

Horretarako, entrenamendu plangintza aldatu dutela aipatu digu Apeztegiak, “bi zatitan banatu dugu denboraldia, lehenengoa orain bukatuko da eta bigarrenean entrenamenduetako karga handituko dugu”.
Infantil mailako igerilariekin, berriz, beste helburu bat dute, ”nola entrenatu ikasi behar dute, emaitzak ez dira garrantzitsuak”.