Gurpildun aulki bereziak lortzeko jaialdia Usurbilen

Txintxarri Aldizkaria 2012ko aza. 16a, 10:29

Usurbilgo Pagazpe elkarteko kideak duela zazpi urte hasi ziren lanean, gomazko paletako joko arauak gurpil aulkian jokatzeko egokitu eta partidak jokatzen hasi ziren. Bi pilotari eta entrenatzaile bat hasi ziren proiektuarekin eta egun hamar pilotari eta hiru entrenatzaile dituen taldea osatzen dute, Patxi Fadrique herritarra horien artean. Bihar dirua biltzeko jaialdia antolatu dute Usurbilen.

Usurbilgo Pagazpe elkarteko kideak duela zazpi urte hasi ziren lanean, gomazko paletako joko arauak gurpil aulkian jokatzeko egokitu eta partidak jokatzen hasi ziren. Bi pilotari eta entrenatzaile bat hasi ziren proiektuarekin eta egun hamar pilotari eta hiru entrenatzaile dituen taldea osatzen dute, Patxi Fadrique herritarra horien artean.
Iaz Gipuzkoako gomazko paletako lehenengo txapelketan parte hartu zuten eta Lasarte-Orian ikusi ahal izan ziren taldearen entrenamendu eta partida batzuk.
Elkarteko kideek jakitera eman dutenez, kirol honetan jarduteko egokiak diren gurpil aulki hauetako bakoitzak 3.500 euro inguru balio du eta Pagazpe elkarteak ezin die honelako gastuei aurre egin.

Jaialdi berezia
Horregatik, dirua biltzeko jaialdi berezia antolatu du elkarteak larunbata honetan Usurbilen.
Honetan, lau partida ikusi ahalko dira. Gurpil aulkian jokatutako gomazko paletako bi partida izango dira lehenik, Iñaki-Aingeru bikotea Hilario-Patxi-ren aurka eta Edurne-Edorta eta Patxi-Beñat-en arteko norgehiagoka.
Jarraian partida berezia ikusiko da. Honetan Mikel Goñik eskuz eta zutik bikote baten aurka lehiatuko da, Beñat-Edorta. Hauek aulki gurpindunean eta gomazko paletarekin jokatuko dute.
Laugarren partida, berriz, eskuz binakakoa izango da. Santxo-Fernando Goñi eta Mikel Goñi-Urruzola bikoteak izango dira aurrez aurre.
Sarrerek bost euro balio dute eta pilotariek jakin arazi dute, bertara joan, apustua egin eta asmatzen dutenen artean, sari bikainak zozketatuko dituztela.