Rafa Lopezen road story motza

jon-altuna-iza 2012ko azaroaren 16a

Rafa Lopez Lasarte-Oriako idazle eta musikariaren mikro istorio bat argitaratu dute "200 microrelatos ON THE ROAD" izenburua duen liburuan. 160 hitz baino gutxiago izan behar zituzten ipuin labur horiek, mila lan baino gehiago aurkeztu ziren eta Lasarte-Oriako idazlearen "Bi mundu eta bide bat" dago aukeratu dituzten 200 istorioen artean. Gazteleraz idazten du nagusiki Rafa Lopez lasarteoriarrak, eta aurretik ere bere ipuinak argitaratu dituzte zenbait bildumetan.

“200 microrelatos ON THE ROAD" liburua Rafa Lopezen altzoan den Iraia bere alabaren eskuetan.
ArtGerust on line argitaletxeak atera du “On The Road” liburua, errepideko literatur istorioak bultzatu eta bide batez Jack Kerouac idazlea omentzeko. Autore estatubatuarra 60. hamarkadako “Beat generation” mugimenduaren ikurretariko bat da.

Rafa Lopezek adierazi digunez, lehiaketaren gaiak berak bultzatu zuen parte hartzera. “Jack Kerouac-en bi liburu irakurrita neuzkan, Allen Ginsberg eta Boris Vian-enak ere bai, lehiaketa interesgarria iruditu zitzaidan, oso erakargarria, probatzea erabaki nuen eta ondo atera da”.

Rafa Lopezen ustez, “beharbada 60 urteak apur bat mitifikatuta daude gaur egun, baina egia da kultur arloan aldaketa handiak izan zirela eta gaur arte iraun dutela. Argitaratu didaten “Dos mundos y un camino” mikroerrelatoak erakutsi nahi du ze txiki izan gaitezkeen gure road movie propioan”.
Interneten begiratzen du lehiaketa interesgarririk dagoen eta gaia egokia iruditzen zaionean idazten du. Idatzi duen ipuinik luzeenak 20 orrialde ditu, “argitaratzeko errazagoak dira laburrak” dio Lopezek.
Hiru bildumetan argitaratu dituzte bere lanak, aurreko biak narrazio ateoak, Tenerifeko La Colmena argitaletxean, eta Toledoko Tierra de Fuego II. Literatur Sariketako liburuan.
Kasu honetan ere interesgarria iruditu zitzaion Rafa Lopez idazleari “Beat Belaunaldia” eta errepideko istorioen gaia, lehiaketan parte hartzeko pausua eman eta pozik da emaitzarekin: “aukera bat da irakurleengana iristeko eta zuk idatzitakoa jendeak irakurri dezan. Polita da hori”.

Liburua internet-en salgai
ArtGerust argitaletxeak, idazle berriei aukera emateko lehiaketak antolatu ohi ditu. “On The Road” lehiaketan guztira 1.079 lan aurkeztu ziren. Argitaletxearen www.artgerust.com web orrialdean erosi daiteke “Autores varios” izeneko bildumaren barruan lehiaketan parte hartu zuten istorio onenekin argitaratu den liburua, 12,49 euroren truke. CreativeCommons erara lizentzia horrekin argitaratu dute eta.
Lehiaketa Jack Kerouac (1922-1969) idazle estatubatuarren omenez antolatu dute. 60 hamarkadako “Beat Belaunaldia”-ren ikurra eta zenbait mugimendu sozialen inspiratzailea izan zen. Horien artean aipagarriak dira esaterako Vietnameko gerraren aurkako erantzuna, hippiak, 68ko maiatza edo road movie zinematografikoa.
“On The Road” liburu-omenaldiaren izenburua Jack Kerouac-en eleberri-nobela ezagunenetariko batetik atera da: “Bidean (On the Road)” Bere beste lan ezagun batzuek “Dharmaren eskaleak” edo “Bidaiari bakartia” dira.

Kerouac-en “Dharmaren eskaleak” nobelan, Rafa Lopezek adierazi digunez, barrurako bidaia, drogen ozpindua, ilusioak eta askotariko pertsonaiak nahasten dira: “Egia esan entzuten eta irakurtzen ditudan gauza asko 60 eta 70 hamarkadakoak dira. Irakurri dudan azkenetariko liburua Boris Vian-en “Escupire sobre vuestra tumba2 da. Autore hau 1959an hil bazen ere, “Beat Belaunaldi” filosofiaren barruan sartzeko modukoa da” kontatu digu Rafa Lopezek.

Erantzun ona
“ArtGerust Creaciones” taldeko antolatzaileak pozik dira lehiaketak izan duen erantzunarengatik: “Asmoa bidaia-istorio, Jack Kerouac-en “On The Road” liburu eta Zinemako Road Movien nahasketatik sortu zen. Izpiritu horrekin antolatu dugu, era honetako literatura bultzatuz, eta bereziki Jack Kerouac gogoratuz”. Beraz, errepideetan eta hauetako joan etorrietan oinarritutako errelato laburrak eskatu zituzten eta erantzun oso ona izan dute.
Carlos Sala idazleak irabazi du lehiaketa “El viaje vital de un hombre y su herencia”, lanarekin. Rafa Lopez herritarraren mikro-istorioak “Dos mundos y un camino” izenburua du eta idazleak berak itzuli du Txintxarrin argitaratzeko.

Bi mundu eta bide bat
Hau da Rafa Lopezen “Bi mundu eta bide bat” ipuina :
Velvet-a erabat ozenki, piztia egarri, balaztatzeko eta edaten emateko ordua da. Armiarma bat berogailuko zirrikituetatik irteten da, bien bitartean eltxoen parrasta agoniatan Cadillaceko paratxokeen aurka talka egina.
Motorreko soinua zarataz orruka, babes bila joateko ordua. Eguzki arraia, errepide bat eta bikotea. Bi mundu, mundu ber-berean, hiru mundu agian? zenbat edo? Gizaki bat ionizatzaileko zirrikituetatik irteten da, galaxiarteko autopista dardara distantzia txikira.