Durangoko Azoka lau egunetan

Txintxarri Aldizkaria 2012ko azaroaren 16a

Bost egun beharrean lau iraungo du Durangoko 47. Liburu eta Disko azokak, baina “inoizko egitaraurik zabalena” iragarri zuten antolatzaileek: 300dik gora ekitaldi izango dira azokaren barruko guneetan.

Ijitoen kultura izango da aurten Durangoko 47. Liburu eta Disko azokan kultura gonbidatua. Euskal Herrira heldutako ijitoen hizkuntzari, euskara eta erromanieraren elkartzetik sorturiko “erromintxelari”, buruzko hainbat hitzaldi eta mahai inguru izango dira aukeran.

Ijitoen kultura ezagutzeko, haurrentzako tailerrak, ipuin kontaketa saioak eta jokoak ere antolatu dituzte. Azokako gune guztietan edukiko du ijitoen kulturak islada. Aiert Goenaga azokaren zuzendariak azaldu zuenez, gainera, besteak beste, flamenkoa, txalaparta eta bertsoak uztartuko dituen ikuskizuna prestatzen dabiltza abenduaren 7an eskainiko dute, Plateruenean.

Elkarlana ardatz
Elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuten aurkezpenean: “Aurreko urteetan bezala, elkarlana ardatza izan da egitaraua antolatzeko, eta guneak kudeatzeko”, esan zuen Nerea Mujikak
Durangoko Azokaren izaera irekia eta parte-hartzailea erakusten duten ekimenak “finkatu eta indartzea” dute antolatzaileek aurten helburu, eta horren adibide da disziplina berriei leku egiteko iaz sorturiko Irudienea, Szenatokia, eota K@bia guneak egonkortuko direla, aurten. Aurreratu dutenez, 88 emanaldi izango dira aurten Ahotsenea gunean, eta egitarau oparoa antolatu dute Berbaro elkarteak kudeatzen duen Saguganbara haurrentzako txokoan ere. Landakogunean Durangoko azoka zabaldu baino astebete lehenago ekingo diote Platerueneko programazioari. Astean zehar emango dute egitarauaren berri zehatza.
Benito Lertxundi musikari oriotarrak jasoko du, Durangoko 47. Liburu eta Disko azokan, Argizaiola omen saria. Gerediagakoek Durangoko Azokarekin hasieratik izan duen lotura estua eskertu gura diote, batetik. 60ko hamarkadatik euskal musika sorkuntzan eta kulturgintzan erreferente izan delako emango diote Argizaiola.