Mende laurden igaro da herriko pailazoek euren jarduna hasi zutenetik. Lehen pausu horiek Lasarte-Orian eman ostean, herriz herri dabiltza gaur egun Euskal Herriko txikitxoei marrubizko muxuak eman eta txokolatezko irriak marrazten.
25 urteko jarduna eta bizitako abentura zirraragarriei omen egiteko disko berezia grabatu dute Orkestra Sinfonikoarekin batera. Ez da nolanahiko diska, urte guzti horietan sortutako abestien bilduma baita, musika klasikoaren kutsu berezi bat duena.
Lagunen kolaborazioak
Orkestrarako doinu guztiak Xabier Zabala musikariak moldatu ditu, eta bera aritu da zuzendari lanetan.
Guztira 17 kanta eta 17 ipuintxorekin osatu dute diska. Eta betiko lez, laguntxo ugari izan dituzte alboan lana aurrera eramateko.
Besteak beste, eurekin izan dituzte Takolo historikoa (Agustin Mujika), Donostiako Orfeoi txiki eta gazteko lagunak eta Euskal Herriko hainbat bertsolari eta musikari ezagun. Tartean, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Eñaut Elorrieta, Aitor Grosabel, Oreka TX...
Ez horiek bakarrik, urteurren berezian alboan izan dituzte Julian Tokero eta Juan Gorriti diseinatzaileak, Irizarreko lagunak, Ttakun, Lasarte-Oriako Udala...
Urte hauetan guztietan, pailazoen kultur emaria oso zabala izan da eta aurrerantzean ere, bide beretik jarraitzea espero dute Pirritx, Porrotx, Marimotots eta inguratzen dituzten lagun guztiek. “Bihotza, burua, eskuak... Sentitu, pentsatu, ekin!”