Horrenbeste borrokatu ostean, hainbeste itxarondako eguna iritsi zitzaien larunbata eguerdian errugbi zaletu lasarteoriatarrei.
Gernikaren aurkakoa lehen partidu ofiziala izan zen Michelingo berdegunean eta emaitza ona eskuratu zuten gainera, 24-19 irabaziz.
Zelai berriaren historian lehen uztartzea egin duena Aimar Mitxelena izan da eta Danel Gorostiaga zein Julen Aristorenak ere uztartze bana egin zuten.
Omenaldi txikiak
Beltzak-ek, gogoan eduki nahi izan zituen egun berezi honetan bai Gernikako mutilak, Zarautzeko lagunak eta taldeko beteranoak. Gernikarrei oroigarri bat eman zitzaien Michelinen estreinako partidua jokatu zutelako Beltzak-en aurka, eta Zarauzko lagunek eta Beltzak-eko beteranoek sabelak betetzeko aukera izan zuten partidua amaituta Aldatzekua tabernan.
Azken hauentzat egun berezia izan zen, hainbeste urte igaro ostean errugbia berriro ere Lasarte-Orian ikusteak ilusio handia eragin baitzien eta harmailetan aurpegi alaiak ikus zitezkeen Beltzak-en bandera erraldoia astinduz.
Hirugarren denbora
Paritidua amaitzean, Gernika eta Ostadarreko jokalari gazteek zein entrenatzaileek “Hirugarren Denbora” delakoa egin zuten zelaian, baina oraingo honetan talka edota lehiarik gabe.
Patxadatsu eta umore onean, partiduak izandako gorabeherak kontatu zizkioten elkarri, hamaiketako ederraz lagunduta.
Izan ere, ohitura da errugbian partiduak bukatuta, jokalariak elkarrekin harremandu eta kiroltasunez zer edo zer edan eta jatea. Kiroltasuna printzipio hautsiezintzat baitu errugbiak.
Helduek berriz, Aldatz-ekuan izan zuten sabela betetzeko aukera, Zarautz-eko lagunekin batera.
