Arrasaten erabakiko da Intzaren etorkizuna II. Mailan

jon-altuna-egitegi 2012ko azaroaren 18a

Intza ataka estuan aurkitzen da, hurrengo urtean berriz ere Gipuzkoako II. Senior mailan egotea jokatzen ari baitira. Joan-etorriko bi partida jokatu behar dituzte Arrasateren aurka jaitsiera fase gogorrean.

Lehenengoa larunbat arratsaldean jokatu zuten Michelingo pilotalekuan, eta oraingoz kanporaketa ongi hasi du herriko taldeak. 22-18 irabazi zuten partida norgehiagoka estu baten ostean.
Izan ere, herriko taldea partida osoan aurretik ibili bazen ere, azkenean kosta egin zitzaion partidua ixtea behartu gabeko huts batzuk tarteko.

Abantaila laburra
Jose Felix Solano Intzako prestatzailearen esanetan, etxean lortutako markagailua ez da “inondik inora” erabakigarria, lau tantoko aldea “laburregia” dela uste du kanporaketa bideratuta dutela esan ahal izateko, hala ere, pozik ageri zen bere mutilen lanarekin.
“Hurrengo astean Arrasaten dena eman behar dugu, ez dago oraindik ezertxo ere erabakita, eta 22 tanto egiten lortu behar dugu kosta ala kosta”, zioen Solanok partidua amaituta.
Izan ere, Arrasaten ostiral iluntzean jokatuko den partiduan kasualitatez emaitza 22-18koa balitz arrasatearren alde, kanpoan geratuko litzateke herriko taldea, Arrasate baino koska bat beherago amaitu baitzuten liga erregularreko sailkapenean.