Ekintza ugari Zentro zibikoan

Txintxarri Aldizkaria 2012ko azaroaren 19a

Igandean, azaroaren 25ean, genero indarkeriaren aurkako eguna da. Lasarte-Oriako herritarrak kontzientzia hartu eta gaia kalera ateratzeko aste osoko egitaraua antolatu du Emakumeen Zentro Zibikoak.

Urtero bezala, azaroaren 25ean Zentro zibikoko emakumeek haien hondar alea jarriz lagundu nahi dute genero indarkeriaren aurkako borrokan.
Horretarako sentsibilizazioa eta parte-hartzera zuzendutako jarduera sorta antolatu dute. Hitzaldiak, antzerkia, tailerrak... denetarik izango da eta herritarrei dei egiten diete hauetan parte hartzeko.

Aste osoko egitaraua
Astelehenean, azaroaren 19an, arratsaldeko 17:00etan emango zaio hasiera aste honi.
Lehenik, “Juegos Secretos” filma eskainiko da. Honetan AEBetako komunitate txiki batean bizi diren bi bikote gazteren miseriak eta frustrazioak azaltzen dira, baita haien auzoko gertakizunak ere.
Ostean, Jesus Muñoz psikologo eta psikoterapeutak, Clara Campoamor elkarteko Cristina Ramos abokatuak eta Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduraduna den Maite Higuerok filmeko gai nagusiak jorratuko dituzte hitzaldi batean.

Asteartean ere hitzaldia izango da, 18:00etan, Zentro Zibikoan. Honetan Nagore Vazquez psikologo eta psikoterapeutak “Emakumearen auto-estimua denboran zehar” gaia jorratuko du.
Astezkenean berriz, merkatura aterako dira. 11:30etatik aurrera, “Ausartu zaitez gizona bazara” jokua jarriko dute martxan.

Honetan gizonen parte hartzea dute helburu, izan ere, ekintzaren asmoa berdintasuna sustatzea da.
Ostegunean, berriz, Villa Mirentxun irriterapia saioa izango da Nagore Vazquezen eskutik, 18:00etatik aurrera.

Antzerkia eta afaria
Azaroaren 23an, ostirala, azken urteetan bezala, Emakumeen Zentro Zibikoko antzerki taldearen lanaz gozatu ahalko da. Manuel Lekuona kultur etxean, 19:30etatik aurrera, “Novias Blancas” lana eskainiko dute eta 21:30etatik aurrera, afaria izango da, Araeta jatetxean. Afaria herriko emakume guztiei irekia da beraz izena ematea animatzen dituzte antolatzaileek. Prezioa 26 euro eta izena ematea Emakumeen zentro zibikoan asteazkena baino lehen.
Genero indarkeriaren aurka
Era berean, azaroaren 25ean, genero indarkeriaren aurka agertuko dira Zentro Zibikoko emakumeak.
Horretarako eguerdian Okendo plazan “Nik ezetz esaten dut eta zu?” lemapean elkarretaratzea egingo dute.
Herritarrak gonbidatzen dituzte ekintza honetan parte hartzera, guztiei emakume, gizon, zein haurrei irekitako ekintza baita. Parte hartu ahal izateko kamiseta, blusa edo txaketa morea eraman behar da.