Lasarte-Oriako Udal Musika eskolako lagunek Santa Zezilia ospatzeko, azaroak 20 asteartean, 18:30etatik aurrera kalejira handia egingo dute Lasarte Oriako plaza eta kaleak musikarekin alaituz.
Musikari hauen lehenengo nota alaiak Manuel Lekuona Kultur Etxeko aterpean entzungo dira. Ondoren, Geltoki kaletik Okendo plazarantz abiatuko dira. Bertan, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak egun hau ospatzeko propio Musika Eskola guztientzat idatzitako “Musikalean” interpretatuko dute. Musika Hizkuntzako ikasleak arituko dira kantari.
Lehenengo geldiunearen ondoren, San Pedro parrokiara joan eta bigarren saiotxo bat han egingo dute. Eta bukatzeko, berriro Manuel Lekuona Kultur Etxera joango dira.
Musika eskolako arduradunek jakitera eman dutenez kalejira hau prestatzen, ikasle eta irakasleak irailetik aritu dira buru belarri. Era berean, euria egingo balu, prestatutako kantak Manuel Lekuona Kultur Etxeko aterpean interpretatuko lituzketela adierazi dute.