Txapelketa handiak prestatzen

Nerea Eizagirre 2012ko azaroaren 19a

Landaberri eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko atleta gazteak lan eta lan dabiltza. Infantil eta alebin mailako gaztetxoak pista denboraldiko lehen probatan parte hartu dute. Lehengo asteburuan Hernanin izan ziren lehian eta ederki ibili ziren Amaia Andresek zuzentzen dituen gaztetxoak.

Urria hasieran entrenatzen hasi ziren Landaberri ikastola eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeetako eskolarteko mailako atletak eta aste hauetan hasi dira lehiatzen. Amaia Andres eta Gaizka Ormazabal entrenatzailearekin izan gara taldeen berri izan eta pistako denboraldia nola joango den jakiteko.
Pozik agertu da atletismoko taldeko arduraduna. Izan ere, aurten 20 alebin eta 4 infantil daude taldean. “Infantil taldea ahul geratu da, baina normala da iazko bigarren urteko infantilak mailaz aldatu direlako,” azaldu digu Amaia Andresek.

Aipatu digunez alebin eta infantil taldeak ederki egiten dute lan, “entrenamendura datoz ia gehienak eta lan ona egiten dute hauetan. Beraz, pozik gaude”.
Benjaminetan, berriz, 15 gaztetxo daudela adierazi digu Gaizka Ormazabal taldearen arduradunak. “Talde aktiboa da eta aurten gainera neskak baino mutil gehiago daude” azpimarratu du.
“Ez da ohikoa adin horretan mutil asko egotea, gehienek futbola aukeratzen dute” aipatu digu Amaia Andresek.

Denboraldi hasiera
Lehengo urrian alebin eta infantilak proba libreetan lehiatzen hasi zirela aipatu jakin arazi digu entrenatzaileak.
Azaldu digunez, “orain lehenengo fasean gaude. Buruntzaldeko talde batzuk lehiatzen gara. Baina ongi datoz eskolarteko txapelketak prestatzeko”.
Gauzak honela, bi lehiaketetan izan dira herriko gaztetxoak.
Urriaren 20an, Anoetako Belodromoan izan ziren. “Honetara taldekide gutxi hurbildu zen, Euskararen Maratoia zela eta, baina infantilak ederki ibili ziren. Gure helburua jauzian, lasterketan eta pisuan egitea da eta ongi ibili ziren hiruretan,” aipatu digu entrenatzaileak.
Lehengo astean, berriz, Hernanin izan ziren lehian. Guztiek lan ona egin zutela aipatu digu Amaiak. Baina aipatzekoak dira infantil mailan jabalina jaurtiketan Amaia Hartok lortutako lehen postua, Asier Olmosek jauzi hirukoitzan eta 200 metro hesi-lasterketan egindako bigarrena edo alebinetan, Nerea Eugik altuera jauzian lortutako bigarren postua.

Honetaz gain, 60 m. hesi-lasterketetan “Ainhoa Heredero, Nerea Eugi eta Naroa Furundarena haien serietan irabazle izan zirela ere esan behar da” . 4x60m errelebo taldeek ere lan ona egin zuten. Alebin mailako nesketan Landaberri B irabazle izan zen eta infantiletan, Sasoetako nesken taldea hirugarren izan zen. Hernani eta Landaberriko atletek osatutako taldeak ere postu berdina lortu zuen mutilen lasterketan.

Lehiaketak ia astero
Gauzak honela hilabean bi edo hiru lehiaketa izango dituztela aurreratu digu entrenatzaileak. Esate baterako “aste honetan, proba zuten belodromoan eta igandean Irungo krosa, baina haurrak ez kargatzeko belodromora ez joatea erabaki dugu.”

Honetaz gain, benjaminek bi hilabetean behin izango dituzte probak. Gaizka Ormazabalek azaldu digunez, “hauek topaketak dira eta lehiaketa zer den ikasteko balio dute”. “Abenduan Lasarte-Orian topaketa antolatuko da,” aurreratu digu Amaiak. Era berean, herriko atleta gaztetxoak Jakintza ikastolako ikasleen aurka lehiatu ahalko direla aipatu digu.