
Egunero auzoko haurrekin jolastera ateratzen zen Maite, argazkian makurtua dagonea, bere kideekin batera.
Perun, Liman, San Juan de Lurigacho distritoan egon zen hain zuzen eskola desberdinetan psikomotrizitatea eta gorputz hezkuntza saioak ematen. Han bizitakoa ez du ahaztuko eta horregatik gogotsu dago bertan bizitakoak Diaporaman erakusteko.
Nolatan Perura joatearena?
Perura hala egokitu zitzaidalako. Gogoa neukan halako esperientzia bat bizitzeko eta Jaurlaritzaren Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa ezagutzen nuenez, honetan izena ematera animatu nintzen.
Guztira 100 plaza zeuden herrialde ezberdinetara jendea joateko eta noski aurkeztutakoak gehiago izan ginen. Hasieran ez nuen pentsatzen aukeratua izango nintzenik baina azkenean bai.
Jaurlaritzak aukeraketa prozesua egiten du izena ematen dutenen artean. Lehenik zure perfila baloratzen dute, ondoren asteburu bat eman genuen Barrian talde dinamikak egiten eta hor hautatu zituzten joango zirenak.
Hautatua izan nintzen eta bigarren asteburu bat egin behar izan genuen talde dinamikak eta bestelakoak egiten, orduan esan ziguten bakoitzari egokitzen zitzaigun herrialdea eta proiektua. Oso pozik hartu nuen Peru.
Zer egin duzu han?
Zehazki San Juan de Lurigancho distritoan egon nintzen, Peruko distrito populatuenean. Guztira sei lagun joan ginen hara eta binaka aritu ginen lanean proiektuetan. Beste kide batekin Haur Hezkuntzako hiru eskola ezberdinetan psikomotrizitatea eta Lehen Hezkuntza eskola batean gorputz hezkuntza saioak ematen genituen.
Nolako esperientzia izan zen?
Lehenengo kontaktua Lehen Hezkuntzako eskolarekin izan genuen eta lehenengo egunak oso txokanteak izan ziren.
Guk hartu genituen haurrak, sei eta hamabi urte artekoak, ikasturte guztia zeramaten soinketa gabe zegoen irakasle bakarra ez zelako iristen talde guztietara. Suposatzen zen tutoreak nolabait bideratzen zuela soinketa saio moduko bat patioan baina ez zen oso serioa edo.
Goizetan ordu eta erdiko saioak egiten genituen 1go, 2., 3. mailetan eskolara soilik goizez joaten direlako eta arratsaldetan 4., 5. eta 6. mailakoekin, euren eskolak arratsaldez dira beti.
Hasieran dena hain berria izanda guretzat kaosa izan zen. Ez genuen hango hezkuntza sistema ezagutzen eta kokatzea garrantzitsua izan zen. Gero, hemen haurrei borobilean jartzea eskatzen zaienean momentu batean jartzen dira saioa hasteko baina han erritmoa beste bat da eta honetara ere ohitu egin behar da bestela akabo.
Behin martxa hartuta hobeto?
Bai gero oso ondo. Berehala konturatu ginen zeintzuk ziren haurrak gehien motibatzen zituzten ekintzak eta horietan oinarritzen genituen saioak. Gainera umeak oso adeitsuak ziren gurekiko eta oso maitekorrak.
Haur Hezkuntzako hiru eskoletan ere egiten genuen lan eta deigarria egiten zitzaigun hiru eskolen kudeaketa zein desberdina zen.
Batean irakasleak oso inplikatuta zeuden hezkuntzarekin, umeekin eta gurekin bilerak eta balorazioak egiten zituzten umeen jarraipen zehatza egiteko, ekintzak proposatzen zizkiguten.
Besteetan berriz oso bestelakoa zen jarrera, kasu egiten ziguten baina ez ziren gehiegi sartzen egiten genuenarekin ezta haurrekin ere.
Kooperante guztiak elkarrekin bizi zineten?
Bai hemendik joandako sei lagunak elkarrekin bizi ginen eta egia esan oso ondo moldatu gara gure artean. Batez ere hasieran nire kezka zen ez ote ginen elkarrekin gehiegi egongo baina egia esan guztiz murgildu ginen auzoan, herritarrekin.
Hasieran batez ere asko eskertzen duzu etxera iritsi eta egunean geratu zaizuna edo ikusi duzuna kontatzean ulertzen zaituen norbait ondoan edukitzea. Izan ere, guztiz harrituta iristen zinen eurentzat arruntak diren gauzengatik.
Bizilagunekin harremana ona izan zenuten?
Bai oso ona hasieratik. Beraiek ere ohituta daude kooperanteak bertan egotea.
Suposatzen da Peruko zonalde arriskutsuenetako bat zela eta guk ez dugu arriskurik sentitu, alderantziz lehenengo egunetik zazpi haur genituen hanketatik zintzilik, oso atseginak eta maitekorrak izan dira gurekin. Lana amaituta auzoko haurrekin jolastera ateratzen ginen kalera eta ekintza ezberdinak ere burutzen genituen helduekin tailerrak zein soinketa ariketak.
Atentzioa gehien deitu dizuna zer izan da?
Lehenengo gauza haurrak nola zu ezagutu gabe lehenengo egunetik nola gerturatzen zaizkizun. Gero gauza asko noski, oso desberdina da, kalean pilatzen den zikinkeri pila, ia beti lainotuta egotea, horrek berez giro tristea eragiten zuen baita txirotasuna ere.
Hezkuntzan, zentro batetik bestera dauden aldeak eta adibidez eskola barruan, patioan goxoki denda bat egotea, hasieran soinketa saioak egitea atera eta haurrak korrika joaten ziren gozokiak erostera edo irakasleek bilerak ordu lektibotan egitea haurrak patiora bidalita.
Kuriosoa zen ere haurrak formatu eta ereserkiak abesten ikustea, astelehen eta ostiraletan egiten zuten.
Turismoa egiteko aukera izan duzu?
Asko ez baina bai tarteak atera ditugu eta mendi aldea ezagutzera joan ginen besteak beste.
Natura ikusgarria da han eta kontraste handiak daude batetik bestera. Mendira igo eta izugarrizko hotza, oihanean barrena sartu eta beroa, hezetasuna... Paisaia eder horiek ere erakutsiko ditut asteazkeneko saioan.
Esperientzia errepikatuko zenuke?
Esperientzia bai baina agian beste herrialde batera joango nintzateke. Beste bizimodu batzuk ezagutzera joango nintzateke.
Diaporaman zer ikusi ahal izango da?
Esan bezala oso murgilduta bizi izan nintzen hango nire egunerokoan eta nire esperientzia azalduko dut, hangoen bizimodua, egunerokoa kontatuko dut. Horretaz gain Peruko paraje eder batzuk ere ekarriko ditut.
Diaporamak nire ustez aukera oso ona dira munduan zehar dauden txokoak eta bizitzeko moduak etxetik mugitu gabe ezagutzeko. Agian hortik jendeak informazio baliagarria jasoko du bere bidaiak egiteko.
Diaporamak
Azaroak 21: Maite Salazar Peru
Azaroak 28: Oihana Beltran Cambodia- Vietnam
Abenduak12: Ostadarreko Mendizaleak Maroko-Atlas
Abenduak 19: Aitzol Lasa Begirada bat Palestinara
21:30ean Jalgin izango dira saioak