Gaur eta osteguna bitartean egunero izango da hitzaldi interesgarri bat Manuel Lekuonan 19:00etan hasita osasuna ardatz izanda. Gaurkoan AGIFES elkarteak egiten duen lana azaldu dute Iker Arrizabalaga psikologoak eta Verónica Pazos gizarte langileak.
Gaixotasun mentalen nondik norakoak azaldu dituzte, honetan kausak, diagnostikoak, sintomak eta gaixotasun hauen ondorioak besteak beste. Horretaz gain, gaixotasun mentala duten pertsonek eta senideek eskura dituzten zerbitzuak eta tratamendu mota anitzak (farmakologikoak, psikologikoak, errehabilitazio psikosozialekoak) ezagutzera eman dituzte. Azkenik, elkarteak eskaintzen dituen laguntza eta baliabideak aurkeztu dituzte ere.
Tabuak eta gezurrak
Hitzaldian bereziki azpimarratu nahi izan dute gizartean gaixotasun mota honen aurrean dagoen lotsa eta ezkutatu nahia,"tabu jarrera hauekin amaitzea beharrezkoa da gaixo hauen normaltasunerako". Gaixoek bizitza normala egiteko gai dira. "Medikazio bat besterik ez dute jarraitu behar, diabetesarekin egiten den bezala, eta gaixo mentalak arriskutsuak diren ustearekin amaitu behar da ere, izan ere gezurrra da". Horrela tratamendu eta senideen aldetik jarrera egokiak dira landu behar diren esparruak. Lan ona eginez, gaixoek bizitza normala egiteaz gain, euren gaixotasunaren arduradun egiten dira krisiak eta halakoak sahiesteko gaitasunak garatuz.
