Genero indarkeriaren aurka Zentro Zibikoan

jon-altuna-iza 2012ko azaroaren 20a

Azaroaren 25ean Genero Indarkeriaren aurkako Eguna ospatzen dela eta, Zentro Zibikoan hitzaldi sorta antolatu dute. Atzo hasi ziren Jesus Muñoz psikologoaren hitzaldiarekin, gaur Nagore Vazquezen txanda izan da, bihar goizeko 11:30etan gizonezkoentzat berdintasuna bultzatzeko joko bat proposatu dute, ostegunean arratsaldeko 18:00etan barreterapia saioa izango da, eta ostiralean 19:30ean antzerkia eta ondoren afaria.

Azaroaren 25ean, genero indarkeriaren aurkako egunean, euren aletxoa jarri nahi dute Lasarte-Oriako Zentro Zibikoan elkartzen diren emakumeek, eta emakumearen aurkako indarkeriaren aurka, zenbait ekitaldi antolatu dituzte, herritarren parte hartzea eta kontzientziatzea bultzatzeko. Gaur arratsaldeko 18:00etan hitzaldia eman du Nagore Vazquez psikologo eta psikoterapeutak, “Emakumearen auto-estima historian zehar” gaiaren inguruan.
Nagore Vazquez psikologoak eman du gaurko hitzaldia.
Bihar goizean gizonentzako joko bat antolatu dute “gizona bazara ausartu zaitez” izenburuarekin. Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzeko joko soil bat egingo dute Azoka jartzen den plazan
Ostegunean aldiz, barreterapia saioa antolatu dute. Villa Mirentxun gidatuko du saioa Nagore Vazquez psikologoak.
Ostiralerako bi ekitaldi antolatu dira, 19:30ean “Novias Blancas” lana antzeztuko du Zentro Zibikoko antzerki taldeak Kultur Etxean, eta ondoren 21:30etan hasiko da Araeta jatetxean herriko emakumeen afari herrikoia. Txartelak Zentro Zibikoan hartu daitezke 26 euroren truke.
Azkenik igande eguerdian Genero Biolentziaren aurkako borobil handi bat sortuko dute Okendo Plazan. Ekintza honetan parte hartu nahi dutenei arropa morea janzteko eskatu diete antolatzaileek.
Atzo hasi zen hitzaldi sorta Zentro Zibikoan, “Juegos Secretos” filmearen emanaldi, hitzaldi eta mahai inguruarekin. Emanaldiaren ondoren, Jesus Muñoz psikoterapeutak eman zuen hitzaldia eta Clara Campoamor elkarteko abokatu Cristina Ramosek eta Udal Zerbitzu Sozialen arduradun Maite Higuerok parte hartu zuten mahai inguruan.