Euskarazko hedabideen HEKIMEN elkartea sortu da

Txintxarri Aldizkaria 2012ko azaroaren 21a

Txintxarri, Tokikomen baitan, publikoak ez diren euskarazko hedabideak biltzen dituen HEKIMEN elkarte berriko kide da. Elkarteak elkarlana du helburu eta euskararen hiztun komunitateak behar duen eremu komunikatibo sendoa garatzera dator.

Publikoak ez diren euskarazko hedabideek HEKIMEN elkartea sortu dute, “ahots bateratua” izateko euskararen hiztun komunitateak behar duen eremu komunikatibo sendoa garatzera dator. Iban Arantzabal, Goiena, Tokikomen izenean izango da HEKIMEN elkarteko presidentea lehenengo urtean.

Aurkezpena gaur goizean egin da Donostian eta orain bi urte hasitako elkarlanaren emaitza da komunikabideen elkartea. Elkarlana “bideratzea” izango da HEKIMEN helburua.

"Beti pentsatu dugu euskararen komunikazio esparrua txikia dela, ahula eta hauskorra. Eta bada, ez gara engainatuko. Baina, aldi berean, asko gara eta pertsona askorengana iristen gara. 600 bat langile gara sektorean eta ehunka mila pertsonara iristen gara".

Azaldu dutenez "Euskal Hedabideen elkarte bat sortzeko hainbat saio egon da azken hamarkadetan, eta azkenean hemen da. Orain ahots bateratua izango dugu: gizartearen aurrean agertzeko, instituzioekin hitz egiteko, gure kezkak agertzeko, gure indarra… komeni zaigun guztietan bakarka baino, elkarrekin agertzeko".

Euskal Hedabideen Behatokia sortzea proposatuko du HEKIMEN elkarteak beste eragile batzuei. Aztergaiak ere zehaztu dituzte: ikerketa, audientziak, teknologia berriak, beste hizkuntzetako esperientziak... “Euskararen komunikazio esparru sendoa garatzeko behar dugun guztia dugu helburu”.

Agerraldian esan bezala "ilusioz dator HEKIMEN, garai berriak bizi ditu euskal gizarteak eta gure ekarpena egitera gatoz, berriz diogu, bizi dugun egoera gaitzari bakarrik baino elkarrekin hobeto erantzungo diogulako".