Udal langileen lan hitzarmenaren onarpena aurkeztu dute

maider-azurmendi 2012ko azaroaren 22a

Juanmi Sosa, ELAko ordezkaria, LABeko ordezkaria den Imanol Goikoetxea eta Pablo Barrio alkateak agerraldia egin dute goizean Udal langileen hitzarmenaren berri emateko. Azken udalbatzarrean onartu zen Udal gobernua osatzen duten alderdien aldeko bozkekin. Komiteko ordezkari zein alkateak azpimarratu nahi izan dute hitzarmena lantzeko prozesuan egon den adostasuna eta elkarlanerako gogoa.

Juanmi Sosa ELAko ordezkaria, alkatea eta LABeko Imanol Goikoetxea
Azaroaren 13ko Udalbatzarreko lan hitzarmenaren onarpenarekin oinarrizko pauso bat eman zen Udaletxeak hurrengo urteetan bere jardunaren garapenerako lan harreman marko bat finkatzeari begira Pablo Barriok azaldu moduan. Lau urtetan indarrean egongo den lan hitzarmenak "udaleko pertsonalaren lan baldintzen antolaketa du helburu instituzio barruko lan harremanak errazteko".

Hitzarmen hau Udal gobernu eta Enpresa komitearen, ELAko 4 ordezkari, LABeko 3 eta UGTko 1, arteko negoziazio eta adostasunaren ondorio izan da. Udal gobernutik negoziazio hauek burutzeko izan den kolaborazio eta elkar konfiantza giroa azpimarratu nahi izan du alkateak. Izan ere "denok izan gara jakitun aurreko hitzarmenak zituen gabeziak eta negoziazioan eragiten zuten Estatuko Gobernuak ezarritako neurri antisozial eta langileen aurkakoak zirela eta genituen oztopoak".

Udaleko hasiera puntuari dagokionez, "Lasarte-Oria kasu bakar egiten duten bi elementu nagusi gogoratu behar dira". Lehenengoa, administrazioak izan beharko lukeen funtzionamenduaren izaera logikoaren aurka, langile laboral kopurua oso altua da funtzionarioekin alderatuta eta bigarrena, UdalHitz hitzarmen markoari parekatuta ez dagoen konbenioa zuten udal langileek".

Adostasuna eta elkarlana
Orain arte bi konbenio sinatzen ziren bata funtzionarioentzat eta bestea gainontzeko langileentza. Oraingoan dokumentu bakarra adostu dute aldeek eta hitzarmenaren aspektu garrantzitsuenak honakoak dira: Hitzarmena bere osotasunean langile guztiei ezarriko zaie. Udal langileen baldintza ekonomikoak UdalHitz hitzarmen markoan jasotzen direnekin parekatzea adostu da. Musika eskolaren kasuan, eta Udal Euskaltegiaren ereduari jarraiki, 2013-14 kurtsotik aurrera indarrean dagoen egungo kontratazio eredua aldatzeko oinarriak ezartzen dira, gaur egungo fijo-diskontinuoak dira irakasleak eta ekainean bukatzen dute kontratua irailean berriz hasteko, egoera prekario honekin bukatu nahi izan da. Azkenik, udaltzaingoaren kasuan, 2/2008 Euskal Poliziaren legean jasotzen den moduan, ordainketaren moldaketa egingo zaie.

Udal gobernuak oso positiboki baloratu du lau urterako sinatu den hitzarmena. Langileen ordezkariek ere eskerrak eman nahi izan dituzte adostasunerako eta konponbiderako udal gobernuko kideek azaldutako jarrera "gehiago eskatzen genuen baina egungo egoeraren jakitun gara eta onartutakoa oso positiboa dela iruditzen zaigu ". Hiru sindikatuek ere elkarlana oinarri izan dutela azpimarratu dute eta euren aldetik adostasuna izan dela nagusi.