Egunero izan da hitzaldi interesgarri bat Manuel Lekuonan osasuna ardatz izanda. Astelehenean Agifes elkarteak, Gipuzkoako familia eta eri psikikoen elkarteak, egiten duen lana azaldu zuten Iker Arrizabalaga psikologoak eta Veronica Pazos gizarte langileak.
Gizartean gaixotasun mentalek duten tabu izaera gainditu eta gizartean normalkuntza landu behar dela azpimarratu zuten.
Oso arrunta da egun gaixotasun mentalak izatea Iker Arrizabalagak azaldu moduan “Lasarte-Oriako biztanleak 17.000 inguru izanda, estatistiken arabera, 1.700 izango lirateke gaixo mentalak”. Bataz beste, populazioaren %9 du buruko gaixotasunen bat eta hauen artean %50 ez du behar duen tratamendua jasotzen Arrizabalagaren hitzetan.
Tabua
Hitzaldian bereziki azpimarratu nahi izan zuten gizartean gaixotasun mota honen aurrean dagoen lotsa eta ezkutatu nahia,”tabu jarrera hauekin amaitzea beharrezkoa da gaixo hauen normaltasunerako”. Askotan familiaren baitan ere ez da esaten senide batek halako gaixotasuna duela, “erraz esaten diogu bizilagunari gure semea ospitalean dagoela ebakuntza bat egin behar izan diotelako aldiz, psikiatrikoan dagoela esaten al dugu? Ez, ezkutuan eramaten saiatzen gara, lotsa ematen duelako, ez dugu nahi herrian ero deitzea”.
Pertsona eroa existitzen al da? galdetu zuen psikologoak eta baiezkoa jaso zuen entzuleen ahotik. “Ez, eroa ez da diagnostiko bat, hitz hori gizartean errotuta egon arren, modu despektiboan erabiltzen den hitza da eta desagertu beharko litzatekeen ideia bat islatzen du, izan ere, eroa gaixo dagoen pertsona bat besterik ez da, beste batek bihotzeko gaixotasun larria izan dezakeen bezala”.
Buruko gaixotasun bat izatea errealitatea pertzibitzeko modu desberdina izatea da oinarrian eta gaixoak tratamendu egokiarekin bizitza normala egiteko gai direl azaldu zuen.
Kausak
Gaixotasun mentalak ez dira fisikoak bezain azkar ikusten, normalean ez dira erraz nabaritzen eta hauek eragiteko kausak ere gutxi dira oinarri sendoa dutenak. Hala ere, gaixotasun hauek pairatzeko hainbat arrisku faktore antzeman dituzte psikiatrek.
Orokorrean kausa biopsiko-sozialak dira gaitz hauen eragile baina badira, gaixotasun guztietan bezala, arrisku faktore batzuk eta adituek diote pertsona batzuek badutela joera gaixotasun mentalak garatzeko.
Adituek argi dute badirela gaixotasun mentalak azaleratzea bultzatzen dutenak, alegia, pertsona krisi bat izatera bultzatzen dutenak adibidez, toxikoen kontsumoa drogak zein alkohola bezalakoak, gertuko pertsona baten heriotza, banaketa afektiboa, heldutasunez arazoei aurre egiteko gaitasun falta, krisi existentzialak hau da, lan aldaketa, bizileku aldaketak, jendearekin harreman arazoak daude eragile horien artean.
Ez da berdina 20 urterekin gaixotasun mental bat izatea edota 40-50 urterekin. “Gazteei heldutasuna falta zaie, bizitza esperientzia eta azkenean gurasoen babesa bilatzen dute gaixotasunari aurre egiteko. Helduek ordea, tresna gehiago dituzte gaitzari aurre egin eta normaltasun bat bilatzeko, lanean jarraitu nahi dutelako, familia...”.
Gaixotasun motak
Bi multzotan banatzen dira gaixotasun mentalak Iker Arrizabalagaren esanetan.
Batetik psikosia legoke, “gaixo hauek errealitatea beste modu batera ikusten dute, euren munduan, errealitatean bizi dira eta oso zaila da hauek arazo bat dutela onartzea, ez dira euren mundu horretan arazoa ikusteko gai”. Multzo honetan eskizofrenia egongo litzateke.
Beste multzo handia neurosiena da “hauen jarrera bestelakoa da, bizi duten errealitatea gehiegi pertzibitzen dute, antsietatea dute, urduri azaltzen dira, normalean lo egiteko arazoak izaten dituzte”.
Diagnostikoak
Ohiko diagnostikoak eskizofrenia, desoreka bipolarra, pertsonalitatearen trastornoa edo joera paranoidea, desoreka obsesibo konpultsiboa, antsietatearen desorekak, trastorno depresiboa eta bulimia eta anorexia dira gaitz nagusiak.
Orokorrean gaixotasun hauen sintomak bi motatakoak izan daitezke, batetik produktiboak deritzona, haluzinazioak, ahotsak entzutea adibidez, eta negatiboak bestetik; motibazio eta gogo falta, bakarrik egoteko nahia, islamendua...
Ondorioz gaixoak auto-estimu baxua izaten du, izaera depresiboa, inpultsoak kontrolatzeko gaitasun falta, gizarte harremanak galtzen ditu. “Oso garrantzitsua da pertsona hauek atera, motibatzea kalera irten eta ohiko ekintzak egitera bultzatu, erosketak, lagunak ikusi.”
Honekin batera Arrizabalagak azpimarratu nahi izan zuen gaixo hauen %80 familiarekin etxean bizi dela. “Gazteak gaixotzen direnean batez ere gurasoek hau babesteko joera izaten dute eta azkenean isolamenduan laguntzen dute nahi gabe, gaixoei eguneroko bizitza egiten lagundu behar zaie, autonomoak behar dute izan”.
Bestela zaintzaileek gaixoaren pisua hartu eta ondorioak pairatzen dituzte adibidez “oso ohikoa da bikoteak banatzea seme-alaba gaixoak tartean daudenean izan ere, kontrolatu gabe daudenean pertsona hauekin bizitzea zaila da oso”. Zaintzaileek antsietate eta depresioak garatzen dituzte askotan.
Krisi larrietan nola jokatu behar den ere azaldu zuen Veronicak. “Kasu hauetan oso zaila izaten da gaixoa bere borondatez ospitalera eramatea hau dela eta 112 larrialdi telefonora deitu eta gertatzen ari dena azaldu behar da anbulantzia psikiatrikoa bidaltzeko”. Anbulantziarekin batera Ertzaintza ere azaltzen da, askok ez dakite “baina eska daiteke kalez jantzita agertzea”. Askotan familiek ez dute larrialdietara deitzen hain zuzen bizilagunek anbulantzia, Ertzaintzaren zalaparta ikus ez dezaten.
Sendatzeko bideak
Gaixotasun mentalak gainontzekoak bezala tratamendu egokiarekin kontrola daitezke baina honetan ere asko dira oraindik eman beharreko pausuak Agifeseko kideen ustez “Osakidetzako psikiatrarekin gaixoek, hiru hilabetean behin izaten dute txanda, medikazioaren inguruan galdetu eta hau ajustatzean oinarritzen da mediku eta pazientearen arteko harremana. Gaixoek medikazioarekin hobeto daude baina pilulek ez dituzte bultzatzen ateratzea... gogoa lantzeko bestelako jarraipena izan behar dute eta errehabilitazio prozesu bat burutu”.
Elkarteak errehabilitazio hau egiteko aisialdi programak ditu martxan, gaixo eta senideentzat laguntza taldeak aholkularitza eta orientazio zerbitzua eskaintzen du. Taldeka eta banaka burutzen diren terapiak ere egiten ditu elkarteak gaixo eta familiekin.
Agifeseko kideek gaixoek bizitza normala egiteko gai direla azpimarratu zuten galderen txandan. “Medikazio bat besterik ez dute jarraitu behar, diabetesarekin egiten den bezala, eta gaixo mentalak arriskutsuak diren ustearekin amaitu behar da, gezurra da”.
Horrela tratamendu eta senideen aldetik jarrera egokiak dira landu behar diren esparruak. Lan ona eginez, gaixoek bizitza normala egiteaz gain, euren gaixotasunaren arduradun egiten dira krisiak saihesteko tresnak garatuz.