Texas Lasartearra irabazle derbian

Nerea Eizagirre 2012ko azaroaren 23a

Futbol denboraldia aurrera doa eta aurreko igandean, I. Erregionaleko Texas Lasartearra eta Ostadar SKT-ko taldeak berriro ere aurrez aurre izan ziren. Oraingoan, Koldo Ageitosen taldea, Texas Lasartearra izan zen garaile.

Texas Lasartearra eta Ostadarren arteko norgehiagokan gol aukera ugari egon ziren. T. Valles
Erregional mailako denboraldiko bigarren derbia izan zen Michelingo zelaian igandean, Texas Lasartearra eta Ostadar SKT-ko taldeen arteko norgehiagoka. Eta Texas Lasartearrak joaneko partidaren errebantxa hartu zuen honetan 3 eta 2 irabaziz.

Partida
Partida parekatua zirudien arren, Ostadarrena izan zenpartidaren kontrola lehenengo minutuetan eta horren erakusle da, 8. minutuan Josean Beldarrainen taldeak sartutako gola.
Baina defentsaren akats batek Texas-en gola ekarri zuen. Berdinketarekin Koldo Ageitosen taldeak indarrak berreskuratu zituen eta Ostadar ezinean ibili zen. Honela, 40. minutuan Texasek bigarren gola egin zuen kontra batean.

Bigarren zatian, Ostadar sistema aldatzen saiatu zen, baina ezin izan zuen ezer egin. Hainbat izan ziren Texasek izandako aukerak eta aipagarria da Ostadarrek berdinketa lortzeko zorian egon zela, baina Texaseko atezainak lan ederra egin zuen.

80. minutuan, Texasek 3 eta 1ekoa egin zuen. Deskontuan, Ostadarrek gora egin eta falta bitartez sartu zuen 3 eta 2koa.

Koldo Ageitos Texaseko entrenatzaileaen hitzetan merezitako garaipena izan zen. “Ez genien euren ohiko jokoa egiten utzi eta defentsa lan handia egin zuten mutilek. Gol aukera asko sortu genituen eta garaipenak ez zuen alde egin”.

Josean Beldarrainek aipatu digunez, “partida txarra jolastu genuen, erritmo gabea. Jokalari batzuk falta zitzaizkigun baina hori ez da aitzakia. Texasek merezi zuen irabaztea.”

Igoera fasea
Bost jardunaldi geratzen dira lehen fase hau amaitzeko eta Beldarrainen mutilak bigarren postuan daude, lehenengoarekin Intxurrerekin berdinduak, 17 puntu.
Horrela jarraituz gero, Ostadarrek igoera fasea jokatzeko aukera izango luke.
Bestalde, Texas Lasartearra bosgarren da, baina hirugarren postuaren lehian izan daiteke eta igoera fasean sartu. Horrela ez bada, azken bi urteetan lortutako kopa defendatu beharko du.