Garrido eta Balda judokak ederki Amurrion

Txintxarri Aldizkaria 2012ko azaroaren 23a

LOKEko judokak lehengo asteburuan XIX. Amurrioko Hiria nazioarteko lehiaketan izan ziren lehian eta kadete mailan, Oscar Garridok 90 kilo azpiko mailan eta Fermin Baldak, 66 kilo azpikoan brontzezko dominak lortu zituzten.
Gorka Aristegi entrenatzaileak aipatu digunez, txapelpetan lehiakide ugari zegoen erkidego desberdinetatik etorritakoak eta maila oso altua zen.
Hala ere, herriko bi judokek domina ekarri zuten herrira. “Ferminek oso txapelketa ona egin zuen,” azpimarratu du LOKEko entrenatzaileak.
Ferminek hiru arerio garaitu zituen “oso judo ona eginez”. “Final erdia galdu zuen bakarrik eta epaileen erabakiarengatik, gainera,” azaldu du Aristegik. Izan ere, borroka honetan arerioek ez zuten punturik lortu eta berdinketa izanik, epaileen esku geratu zen erabakia.
Oscar Garridok, berriz, bi borroka irabazi ondoren lortu zuen brontzea.
Bi judoka hauetaz gain, Asier Zubizarreta eta Jon Arroyok ere parte hartu zuten, baina ez zuten zorterik izan.