Arkumea erretzen onenak

jon-altuna-iza 2012ko azaroaren 23a

Arrakasta handia izan zuen Jakitea elkarteak antolatutako Euskal Herriko I. Parrila eta Burruntzi lehiaketak eta, gainera, lasarteoriatarrek okela erretzen trebeak direla erakutsi zuten. Joxean Lasa eta Juantxo Prieto herritarrak izan ziren onenak arkumea burruntzian erretzen, Jakitea, Gipuzkoako jatetxe tradizionaletako jabeek eurek jatetxe horiek bultzatzeko eta ezagutarazteko sortu duten elkarteak antolatutako lehen txapelketa honetan. Ikusgarria izaten da beti kalean arkumea erretzea eta Donostiako Trinitate plazan lehiaketa polita burutu zen. Ehundaka lagun elkartu ziren txapelketen ondoren okela dastatzeko.

Juantxo Prieto eta Joxan Lasa Donostian azaroaren 4an irabazitako txapelarekin.
Jakitea elkarteak okela erretzeko parrila eta burruntziaren erabilera bultzatu nahi du, erakusteko dena ez dela euskal sukaldaritza berria eta gutizia.

Elkarteko ordezkarien ustez, Euskal Herrian onenetarikoak gara janariak parrila eta burruntzian erretzen eta horregatik zabaldu nahi dituzte ohiko euskal sukaldaritza ezagunetik urrun xamar dauden teknika soil hauek.

Beraz, Parrilla eta Burruntzi Lehiaketa antolatu zuten azaroaren 2tik 4ra eta, ondoren, Donostiako Trinitate plazara hurbildu zirenei, erretakoak dastatzeko eman.

Hilaren 2an, ostiralean, legatza eta txuleta erre zituzten parrilan, 3an, larunbatean, parrillan prestatutako pintxoen lehiaketa egin zen eta 4an, igandean, arkumeak erre zituzten burruntzian. Joxan Lasa eta Juantxo Prieto txapeldunek kontatu digute igande hartan egindakoa.

Lehen txapelketa... eta txapeldunak?
Aratz jatetxeko Xabier Zabaletak deitu gintuen, ea parte hartuko genuen galdetuz. Bere asmoa txapelketa bikote askoren artean egitea zen, burruntzia erabiltzen duten jatetxetako profesionalen artean, baina badirudi ez zeudela hainbeste eta guri ere deitu ziguten.
Sanpedroetan zikiroa erretzen aritzen garen lau lagun joan ginen, bi bikote, Roman Agirre eta Joxerra Karrera, eta Juantxo Prieto eta Joxan Lasa. Azkenean gu izan ginen txapeldunak.

Zuen berri bazuten beraz?
Bai Xabier Etxezarreta harakinaren bidez. Hark esan zien “hauek horretan aritzen dira”. Zabaletak deitu zigunean esan genion, guk burruntzia ez, zikiroak erretzen genituela, baina hala ere berdin omen zen.

Zenbat arkume erre zenituzten bikote bakoitzak?
Parte hartu genuen bikote bakoitzak bina erre genituen.

Lehen txapeldunak izateak poza emango du, ala?
Bai. Behin izena eman eta hara joanez gero, saiatzen zara, noski. Ez zen gure helburua, baina suertez azkenean irabazle izan ginen.

Hurrengo urtean txapela defenditu beharko duzue beraz...
Ez, ez pentsa, ez daukagu Donostian egiteko hainbesteko asmorik. Gu leku askotara joaten gara, baina zerbait erre eta ondo pasatzera. Eta txapelketa honetara ere asmo horrekin joan ginen.

Txapela janzteko aukerarik ikusten al zenuten?
Nik uste nuen Joxerra eta Roman lagunek irabaziko zutela. Esperientzia handia dute eta oso onak dira. Gainera erraminta hobeak zituzten. Baina gu izan ginen txapeldunak.
Nik uste, presentazioarengatik, plateraren itxurarengatik irabazi genuela. Joxerra eta Romanek ondo erre zuten arkumea, baina gero, izterraren bost pusketa, saihetsaren beste bost eta aurre-aldearen beste bost jarri behar ziren platerean. Bikote hori izan zen aurrena eramaten eta ez zekiten ondo nola egin.
Nik gero labanarekin txukun txukun moztu nuen, eta platerean jarri, izterraren bost pusketak alde batera, saihetsak erdian eta aurre-aldekoak beste aldean. Bukaeran, epaimahaikoek esan zidaten platerean ondoen jarrita zegoenak irabazi zuela.

Nortzuk ziren sariketaren epaimahaian?
Han ziren besteak beste, Pello Garcia Amiano gastronomo eta sukaldaritza kritika egilea, Edorta Agirre sukaldari-kazetaria, Xabier Etxezarreta Lasarte-Oriako harakina eta Xabier Zabaleta sukaldari eta Aratz jate -txeko nagusia.

Zenbat denbora behar da arkumea ondo erretzeko?
Berandu hasi ginen, eta antolatzaileek 12:00etarako erreta nahi zituzten. Goizeko 9:00etan oraindik arkumeak burruntzian lotzen ari ginen eta gutxienez hiru ordu behar dira. Ondo kalkulatuta daukagu.

Arkumeak erretzeko sua ere zuek egin al zenuten?
Bai antolatzaileak iritsi aurretik gu sua egiten hasi ginen bestela ez genuen denborarik izango.

Ikatza erabili al zenuten?
Bai egur-ikatza erabili genuen eta presaka genbiltzanez, olibondo zahar batzuen zurarekin piztu genuen
sua.

Eta besteak kontrario gogorrak al ziren?
Bazen sagardotegi batetik zetorren bikotea, eta zikiroak erretzen ohituta dagoen nafar bat. Aurten lan gutxi egin zuela zioen soilik 21 zikiro erretze egin zituela. Eta txekorrak erretzen aritzen diren igeldotarrek ere parte hartu zuten.

Giro ona izan zenuten arkumeak erretzeko?
Bai oso ona. Euria egin aurretik normalean haizeak jotzen du, baina egun horretan ez, ez zebilen batere haizerik eta ez genuen eragozpenik izan. Gero eguerdi aldera zaparrada handiak egin zituen.
Goizean goiz ez zen jende askorik egon. Gero eguerdi aldera bete zen plaza. Nik uste 500 pintxo inguru aterako zirela. Etiopia Utopia ekimenarentzat dirua biltzeko saldu ziren.

Pozik jasotako txapel eta kafeak egiteko makinarekin?
Bai, banaka kafeak egiteko makina bat eman ziguten. Baina hori gutxienekoa da, guk ondo pasa genuen eta hori da garrantzitsuena guretzat. Hamaiketako eder bat egin eta gero bazkaltzearekin konforme egoten gara gu.

Irabazteko trikimailu edo edaberen bat izango duzue, ezta?
Ozpin-olioa Joxerra eta Romanek prestatzen dute beti. Trebeak dira horretan.

Jakin daiteke zer daukan?
Ez dauka ezer berezirik. Koñaka, zenbat eta zaharragoa hobe, ardo zuri normala, ozpina, baratxuri eta perexila. Horrekin arkumea ondo busti eta kitto.

Orduan saria irabazteko zuen esperientzia handiak izango zuen zerikusia, batean txekorra, hurrengoan zikiroa...
Bai batez ere lagunartean erabili dugu burruntzia, Tour-a ikustera joaten garenean, festetan, lagun koadrilarekin gure txokoan...
Gehienetan arkumea erretzen dugu eta noizean behin txerrikumea. Baina ia beti arkumea eta handia.