Azaroaren 25a dela-eta, hau da, Nazio Batuen Batzar Nagusiak “Emakumeenganako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna” aitortutako eguna dela-eta, Lasarte-Oriako Udalak indarkeria matxistaren aurkako gaitzespena agertu du. Emakumeenganako indarkeriaren kontrako edozein adierazpen gaitzesten dugu, dimentsio orotan (fisikoa, psikologikoa, sexuala, sinbolikoa…), bai eta sexismo mota oro ere, arinenak eta normalizatuenak barne, esaterako: sexuaren araberako rol estereotipatuak; neska eta emakumeen ikusezintasuna bizitzako hainbat arlotan, bigarren mailara zokoratuz; sexu eta ugalketa eskubideen ezeztapena; edota pertsonekiko diskriminazioa euren sexu-aukeraren edo genero identitatearen ondorioz.
2012a hasi zenetik 5 emakume erail dituzte Euskal Herrian eta milaka dira komunikabideen bitartez jasotzen ditugun kasuen berri . Eraso sexisten inguruko gertakariak eta salaketak egunero entzun ohi ditugun elementuak dira. Herriko jaietan edota jai eremuetan emakumeon askatasuna baldintzatu eta eraso sexisten areagotzea ematen da. Lan eremuan ematen diren sexu jazarpenen datuak kezkatzekoak dira. Gazteriaren artean sexuen arteko botere harremanak eta balore patriarkalak iraunarazteaz gain, mutil askok nesken kontrako indarkeria ere baliatzen dute…
Belaunaldi gazteagoen artean emakume nahiz gizonen arteko desberdintasunak eta emakumeenganako indarkeria gailenduta daudelako mitoa baino harago, errealitateak erakusten digu gazteen artean dagoen indarkeria matxista, baita adinez txikikoen artekoa ere, benetan kezkagarria dela.
Horrenbestez, ezinbestekoa da ulertzea ezin daitekeela emakumeenganako indarkeriaren kontra borroka egin, gizonezkoen eta emakumezkoen ereduak sakon eraldatu gabe, ez eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko harreman afektibo eta sexualak eraikitzeko modua aldatu gabe ere. Horregatik, tokiko gobernuok konpromiso aktiboa izan behar dugu udalerriko gazteekin lan egin eta indarkeria matxista prebenitzeko, ahalegina eginez eta beharrezkoak diren baliabideak eskainiz. Hori horrela, errespetuan, askatasunean, autonomian eta berdintasunean oinarritutako harremanak eraikitzen lagunduko diegu gazteei.
Prebentzioko prozesu honek erreferentziazko eredu berriak sortzea ahalbidetzen du, hain zuzen ere, mutilek eta gizonek pribilegiozko jarrerarik eduki ez dezaten nesken eta emakumeen aldean, izan ere, indarkeria matxistaren jatorria emakumeen menpekotasuna eta diskriminazioa betikotzen duen botere-harremanean dago. Beldur Barik programan Euskadiko udalek hartzen dute parte, eta helburua da sexismotik aldentzen diren neska-mutikoen jarrera positibo eta egunerokoak antzeman eta ikusaraztea, izan ere, jarrera horiek rol tradizionalekin hautsi eta gizarte berdintsuagoa eraikitzea dute xede.
Erakundeetatik eta, erakunde hurbilenetik, udaletik, indarkeria matxistaren kontrako ardura soziala eta politikoa gure gain hartu behar dugu, eta, horretarako, norberaren aurreiritziak, rolak eta eguneroko jarrerak berrikusi beharko ditugu. Norberak erantzukizun horiek bere gain hartuz gero, aldaketarako konpromisoa lortuko da.
Horren guztiaren jakitun, Udal honek
· KONPROMISOA HARTZEN DU indarkeria aurre egiteko politika integralari dagokionez, mota desberdinetako neurriak hartu beharko ditugu kontutan, besteak beste heziketan oinarritutako prebentzio neurriak, eraso baten ondorengo neurri asistentzialak edota erantzun soziala artikulatzeari begirakoak.
· KONPROMISOA HARTZEN DU, bere eskumenen esparruan eta indarreko legeria aplikatuz, emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktibo, osoa eta koordinatua garatzeko, hitzetik ekintzetara pasatuz.
· KONPROMISOA HARTZEN DU, autodefentsa feministaren beharra transmititu eta emakumeak animatu lanketa berezia egin dezaten eta bitartekoak jarri.
-Udal hau Beldur Barik programaren edukiekin bat dator, gazteak indarkeria matxistaren gainean sentsibilizatu eta hura prebenitzeko moduak lantzeko tresna gisa.
- Udal honek herritarrei gonbit egiten die konpromiso pertsonalak eta kolektiboak hartzeko, emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde, baita edozein indarkeria edo diskriminazio sexista gaitzesteko ere.
-Udal honek gonbit egiten die herritar guztiei, eta bereziki neska-mutilei, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela-eta izango diren ekitaldietan era aktiboan parte hartzera. Lasarte-Orian, Udaletxean eguerdiko 12etan egingo den kontzentrazioan parte hartzeko gonbita luzatzen du.
