Parte hartzea sustatzeko postontziak

maider-azurmendi 2012ko aza. 23a, 15:52
Alaitz Mendizabal parte hartze batzorde buruak zazpi udal eraikinetan jarritako postontziak aurkeztu ditu. Postontzi hauek herritarrentzako parte-hartzeko erreferentzia izango dira aurrerantzean eta bertan mota guztietako ekarpenak jasoko dira, herritarren iritzi, proposamen, kezkak besteak beste.
Manuel Lekuonan dagoen postontzian Alaitz Mendizabal zinegotzia.
Azken hilabeteetan parte hartze prozesu ezberdinak jarri ditu martxan udalak. Antolatutako bileretara joan ezin izan duten herritarrentzat tresna ezberdinak jarri nahi izan ditu eskura udalak euren iritziak ere jasotzeko helburuarekin. Horretarako erabili da esaterako partehartzea@lasarte-oria.org helbide elektronikoa. "Hala ere beharrezkoa ikusten genuen beste tresna bat, oraindik gehiago erraztea herritarrei euren iritzia edo proposamenak egiteko bidea eta kezka horretatik jaioa da postontzien ekimena" azaldu du Mendizabalek. Izan ere, "Parte-hartzeak ez luke logikarik izango herritarrekin elkarlan bat edo informazio trukea egongo ez balitz. Ideia honetan oinarrituta ere jarri dugu martxan Parte-hartze postontzia".

Postontzi hauekin herritarrekin bi zentzutako komunikazioa erraztu nahi da, herri eta udalaren erlazioan bide bat gehiago ireki, herritarrek herrian egiten diren parte-hartze prozesuetan presentzialki ez bada ere, parte-hartzeko aukera izatea.

Guztira zazpi postontzi egin dira eta herriko eraikin publikoetan kokatu dira Udaletxean, Kultur etxean, kiroldegian, Osasun etxean, Gaztelekua, Zentro zibikoan eta Villa Mirentxun. Postontziek diseinu erakargarria dute eta berehala ezagutuko dituzte herritarrek izan ere, "komikietako bokadilo itxurakoak egin ditugu jendeak errez identifikatu ahal izateko eta era berean hitza hartzearen sinbolo zuzen moduan".

Inauteriak
Postontzi hauek erabiltzen hasteko aitzakia ere eman dute dagoeneko parte hartze departamentutik. Udalak, 2013. urteko Inauteriei begira, gaia hautatzeko herri galdeketa bat martxan jarri nahi izan du horrela "guztiok gure iritzia emateko aukera izan dezagun eta inauterietarako motorrak berotzen hasteko" adierazi du Larraitz Sarobek.

Herriko etxe guztietara helduko da proposamenak biltzeko eskuorria eta eraikin publikoetan ere eskuragarri egongo da. Honetan bakoitzak bere proposamena egiteko aukera izango du eta ostean, herriko eraikin publiko guztietan kokatuta dauden parte-hartze postontzietan utzi beharko da proposamena, hauek jasotzeko azken eguna abenduaren 16a izango da.

Ideia guztiak Inauterien antolaketarako berriro ere martxan jarriko den parte-hartze forora eramango dira, eta bertako parte-hartzaileek, konpartsa ezberdinetako ordezkariak, udaletxeko festen saila eta parte-hartu nahiko lukeen herritar oro, erabakia hartuko dute.

Proposamenak Internet bidez egiteko aukera ere egongo da. Horretarako, interesatuta legokeenak www.lasarteoriasarean.eu web-gunera jo beharko luke. "Gaia herri guztia tematika berdinez mozorrotzeko da; beraz, gogorarazi nahiko genuke proposamenak orokorrak izan beharko direla gai berdinaren inguruan mozorro eta ideia ezberdinak izatea ahalbideratu behar dutela".

Horrela herritarrak euren iritzi eta proposamenak egitera deitu nahi izan dituzte udal ordezkari eta parte-hartze teknikariak.