Literatur lehiaketa amaitu da

jon-altuna-egitegi 2012ko azaroaren 24a

Mende laurden baino gehiago du helduen Lasarte-Oriako Literatur lehiaketak, eta bat gutxiago haur eta gazteenak. Aurtengoan, guztira, 621 lan aurkeztu dira, 482 haur eta gazteen mailan eta gainontzeko 139ak helduenean. Larunbatean egin zuten sari-banaketa, bi poesia errezitaldiz lagunduta.

Urtero bezala, aurten ere literatur lehiaketaren sariak banatu ziren larunbata eguerdian kultur-etxean. Itxura ederra zuen hitzaldi aretoak, jendez gainezka baitzegoen sariketa eta poesia errezitaldiak ikusteko gogoz.
Pablo Barrio alkatea, jakina denez, idazle lanetan ere aritua da, eta zorionak eman nahi izan zizkien parte-hartzaile guztiei, sarituak izan edo ez.
Haren hitzetan, garrantzitsuena “idaztea” da, edozein sariren gainetik. “Idazleak ez ditu soilik obrak sortzen, bere burua ere sortzen du idazten duen bakoitzean”, esan zuen Barriok. Era berean, idazle gazteenganako “inbidia” sentitzen zuela ere aitortu zuen.
Orain arte idaztera ausartu ez denari ere zuzendu zitzaion alkatea, idazten hasteko “sekula” berandu ez dela argudiatuz; bere kasua jarri zuen adibidetzat: “Ni 43 urterekin hasi nintzen idazten, beti baitago idazten hasteko momentu egoki bat, idaztera bultzatzen gaituen hori edozein arrazoi izanda ere”.

Poesia errezitaldiak
Bestalde, ekitaldiak iraun zuen bitartean, musikaz lagundutako bi poesia errezitaldi eskaini zituzten hitzaldi aretoan. Joseba Pascualek izan zuen Roberto Yabenek konposatutako “Sehaskan” eta “María” obrak kitarra elektrikoaz interpretatzeko ardura. Udal musika eskolako irakasle eta ikaslea dira biak hurrenez hurren.
Aipatutako obren gainean errezitatu zituzten bi poesiak, bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Lehen lana, Ekhiñe Egigurenen “Taupadak” izan zen eta Aitor Tejedor herritarrak maisuki ahoskatu zuen.
Ondoren, Arantza Garcíaren “De regreso” obra errezitatu zuen Noemí Fernandezek, entzuleen arreta lehen momentutik bereganatuz.
Amaitzeko, Boris Nogalesek 2013. urte hasieran literatur-lehiaketaren berri emango dutela adierazi zuen eta herritarrei dei egin zien hurrengo urteko lehiaketetan parte-hartzeko.