Auzoz auzo irtenbideak azaltzen

Txintxarri Aldizkaria 2012ko azaroaren 26a

Auzoz auzoko parte hartze prozesua aurrera doa. 4. pausoa hasi zen ostegunean eta Zabaleta eta Oztarango bizilagunekin izan dira haien proposamenen erantzunak aurkezteko. Udalak adierazi duenez, harrera ona izaten ari dira teknikoek eskainitako irtenbideak.

Zabaleta eta Oztarango bizilagunek auzoz auzoko parte hartze prozesuaren laugarren pausoa eman dute.
Udalak aurreko bileretan haiek proposatutako ideia, kezka eta iradokizunei irtenbide teknikoa eman eta osteguna eta ostiraleko bileretan erantzun horien berri eman zitzaien.
Gauzak erabakitzeko aukera ere izan zuten, hala nola, Udalak jarriko dituen iragarki-taulak auzoetan non kokatu.

Aste honetako bilerak
Aste honetan zehar bilerek jarraituko dute auzo ezberdinetan. Gaur, Basaundi eta Oriako bizilagunen txanda izango da, bilera Basaundiko auzo elkartean izango da.
Asteartean, Zumaburu eta Goikaleko herritarrenek Udal euskaltegian izango dute bilera; asteazkenean, Garaikoetxea ikastolan Atsobakarreko auzotarrekin bilduko dira; ostegunean Sasoeta ikastetxean Sasoeta auzoaren txanda izango da eta ostiralean erdiguneko bizilagunak Manuel Lekuona kultur-etxera hurbildu beharko dira.
Bilera guztiak 19:00etan hasiko dira.