Kanbodia eta Vietnam bisitatu ditu udan Oihana Beltranek eta hango gerra-bortizkeria argazkien kalitate onak kolpe handiagoa eragiten du ez direlako orain dela ehun urteko kontuak. Bestalde, bi herrialdeko kostaldea eta mendialdeko arroz-soroak ere ikusi ditu.
Nolatan joan zinen Kanbodia eta Vietnam-era?
Duela hiru urtetik saiatzen naiz nire oporraldian bidaia handi bat egiten, hemengo egunerokotik deskonektatzeko eta gustatzen zaidalako ere bai. Azken urtean, Indiara joan nintzenez, aurten Afrikara joateko asmoa nuen, hegaldia aurrez ikusita neukan, baina bere prezioa igo egin zen eta erabaki nuen aurreko urteko bidaiari lotuta Vietnam eta Kanbodiara joatea. Motxila hartu eta abiatu egin nintzen.
Beraz zeneraman bakarra hegaldiaren txartela zen?
Bai, joan eta etorriko hegaldia eta motxila, besterik ez.
Eta zer moduz moldatu zara han?
Ondo, egia esan, Tailandia, Kanbodia eta Vietnam, hiru herrialdeak, turismoaren aldetik oso ondo prestatuak daude jada, oso erraza egin zait bertan mugitzeko, hizkuntzaren aldetik, nire ingeles bereziarekin aurrera egiten nuen, ulertu nahi zaituenak ulertzen zaitu eta ostatuen aldetik oso prestatuak daude. Beraz arazorik ez dut eduki.
Zer egin zaizu deigarriena?
Asiako beste herrialde batzuetan erlijioak markatzen du eguneroko bidea. Han ez, gerraren ondorioz badaukate hutsune bat beraien historian, batez ere Vietnamen. Europari begira jarrita daude edo kontraesana badirudi ere Amerikako Estatu Batuetara begira daude, bere ereduak Europa eta Amerikatik datoz eta beraien herrialdetan eta egunerokoan nabaritzen da arkitektura eta kultura aldetik hutsune handi bat, batez ere Vietnamen.
Zer egon zara hiriburu handietan edo herrixka txikietan?
Hilabete osoko bidaia izan da, eta beraz autobusetik autobusera eta trenetik trenera, denetik izan dut, aurre-ikusita nuen ibilbide bat, eta saiatu naiz hori egiten, baina, bai, hiriburu handietaz gain, herri txikietan egoteko denbora ere eduki dut.
Ikusiko zenuen herri txikietan nekazaritzak duen garrantzia...
Bai, kontrastea. Vietnam eta Kanbodiako kostan turismoa bultzatzen da, baina gero Txina eta Laosekin mugan, arroz soroz betetako mendi izugarriak eta horietan lanean ari direnak ikusten dituzu. Egia esan oso herrialde polita da, kosta baino gehiago gustatu zait barruko aldea, Txina eta Laoseko muga batez ere.
Vietnamen gerratearen ondorioak ikusten dira?
Cu Chi-ko zuloetan egon nintzen eta harrigarria da argazkiak oso egungoak direla. Kanbodian ere nabaritzen da hori, Phnom Penh hiriburuan. Pol Pot diktadorea izan zen 70. hamarkada bukaerara arte, eta genozidioaren argazkiak kolpe eta zirrara handia eragiten dute egungoak direlako, oso berriak, gu txikiak gineneko argazkiak. Eta isiltasun handia arnasten da oraindik Phnom Penh-en edo Cu Chi-ko kobazuloetan. Hor barruan sartu eta hiru hilabete egoten zirela pentsatzea, eta ez orain dela ehun urte, baizik eta orain dela 30 urte... egin esan, argazkien momentuko eragina oso handia da eta hain kalitate oneko argazki berri horiek ikusita barraun nahaste borrastea sentitzen duzu.
Zer ikusiko da diaporaman?
Bidaia hasieratik bukaerara. Kendu behar izan ditut Bangkok hiriburuko eta herri txikiren bateko argazkiak, luzeegia ez izateko, baina, batez ere, ibilbidea eta nire esperientzia ikusiko da. Ikusleak sentsazio batzuek behintzat jasoko ditu.
Motxilarekin joanda izango zen abentura...
Abentura ukitua bai, badauka, eta zeinek daki, agian hurrengo urtean norbait animatuko da nirekin etortzeko.
Zer azpimarratuko zenuke Kanbodiatik eta zer Vietnametik?
Kanbodiatik azpimarratuko nuke oraindik esplotatu gabeko iparraldeko aldea. Oso naturala da, oso basatia, eta bertako jendea oso atsegina. Eta Vietnametik azpimarratuko nuke daukaten garapena, nik espero nuen baino garatuagoak daude, bideratuta daukate turismoa eta bide horretatik bizimodua.
Bixente Beltran Kanada eta Alaskan egon da naturaz gozatzen. Kanadako parke naturaletan mendi, laku eta arroilak ikusi zituzten eta Alaskan paisaia izoztuak.
Zergatik joan zineten Kanada eta Alaskara?
Betidanik neuzkan buruan, txikitatik pelikuletan ikusita, hango paisaia, laku eta mendiak. Asko maite dut mendia, Euskal Herriko mendietara ere joaten naiz, Gipuzkoako bira egiten ari gara eta mendian ibiltzea asko gustatzen zaidanez, aukera sortu zen Donostiako agentzia batek antolatutako bidaiara joateko, libre geunden, elkartu, izena eman eta joan ginen.
Beharbada iraila ez da garairik egokiena joateko, baina benetan ondo pasa dugu. Turismoa maiatzean hasi eta orain amaitzen da. Agian ekainean ikusgarriagoa izango da baina garestiago ere bai. Oraindik mendietan elur asko dago, egun batean egin zigun elurra, baina pentsatzen dut ekainean izugarria izango dela.
Non egon zarete?
Gu Kanadako mendebaldera joan gara, Rocky Mountain ingurura. Hegazkinez Calgary-ra joan ginen, lautadan dago baina mendietatik 60-70 kilometrora. Hiri berria da. Petrolioa aurkitu eta sekulako hazkuntza izan zuen hiriak. Famatua izan zen neguko joko olinpikoak egin zirelako. Handik, autobusez, Alberta probintziako lau parke natural bisitatu genituen: Banff aurrena, han ez da inor bizi, soilik parkearen zerbitzuan lanean ari direnak herri txiki batean.
Behin errepidean hartza pasa zen gure aurretik ttipi-ttapa oinez. Hemen gertatu izan zaigu basurdearekin Lizarrara bidean, ba han hartza.
Banff eta inguruan laku eta arroila zoragarriak bisitatu genituen. Bi gau pasa genituen. Gero, Jasper parke eta herrian, oso txikia eta polita, izotzaren bidea ikusi genuen: mendi bide honetan sekulako mendi eta glaziarrak ikusten dira. Hor ere lakuak eta beste hainbat toki ikusi genituen.
Handik, Sun Peaks, eguzkiaren tontorra izeneko tokira joan ginen. Eski estazio eta herri ikusgarria da. Handik aurrera, mila metro inguruko lautada zabal zabalean ikusten hasi ginen zenbait baserri eta herri. Oso gutxi, baina badaude.
Ondoren, itsaso aldera jaitsi ginen, mendi tartetik, errekak egindako bidetik eta Vancouver hiri zoragarrira iritsi. Tenperatura aldetik Kanadako goxoena omen da, mikroklima dauka eta tokirik erosoena da bizitzeko. Stanley Park toki zoragarria ondoan du eta gau eder bat ere pasa genuen hondartzaren inguruan milaka gazte dantzan eta musika jotzen. Hor bukatu zen lehen partea. Itsasontzi handi bat hartu genuen, Alaskan kruzero edo itsas bidaia egiteko.
Naturazalea izanik asko disfrutatuko zenuen?
Bai, han ez dago ia herririk, dauden etxeak egurrezkoak dira, oso politak. Indioek ere ba omen dute bere presentzia eta handia Kanadan, baina ez genituen ikusi, guk ez genuen hartuemanik izan, ingelesik ez badakizu, ez duzu aukerarik eta gidariaren menpe zaude.
Berak esan zigun badituztela bere eskubideak, bere telebista eta bere unibertsitatea baina ez direla integratzen. Baina nork integratu behar du non? Europarrak hartaz jabetu zirelako indioak integratu behar al dute? Ez genuen jakiteko aukerarik izan.
Pena bat badaukat, gazteago banintz beste era batera joango nintzateke; ezin botak jantzi eta mendira joan. Horrelako laku zoragarri batera iritsi, ikusi mendira bidea, sekulako eguraldia eta ezin buelta bat eman. Horrelako bidaian erlojuak agintzen du. Iritsi eta esaten dizute: ordu erdira berriro autobusera. Beraz ahal den ondoen disfrutatzen duzu, argazkiak atera...
Deigarriena zer izan da?
Natura bera. Han parkeak animalientzat bakarrik dira. Ez da inor bizi. Iragarkiak daude “kontuz hartzekin” eta animaliekin. Dena dago animaliei begira antolatuta. Kuriosoa da, autobideetan, errepide zabaletan, pasabideak jarrita dauzkate animalientzako. Non ikusi duzu hori? Zaintzen dute. Turismoari dagokionez, milaka eta milaka autokarabana ikusten dituzu. Kanadarrek hori maite dute, Rocky Mountain ingurua poliki poliki bisitatzea.
Horrek izugarri harritu nau, zenbat kanadiar erretiratu karabana hartu edo alokatu eta bazter zoragarri horiek ikusten, beste era batera. Bazterrak zoragarriak dira.
Gu Aralarrera joaten gara, eta hori bera da, baina askoz handiagoa.

