Eizmendi atleta hirugarren izan zen Irungo krosean

Txintxarri Aldizkaria 2012ko azaroaren 26a

Irungo Hiria XLV. Krosa izan zen azaroaren 18an, igandea. Honetan Landaberri ikastetxeko eta LOKEko atletak izan ziren lasterka.
Atleta gazteentzat denboraldiko zelaiko lehen krosa izan zen eta aurreko egunetako euria zela eta, Txingudiko ikastolak prestatutako ibilbidean sortu zen lokatzari aurre egin behar izan zioten gaztetxoek.
Ederki gainera, alebin nesken mailan Landaberriko June Eizmendi hirugarren izan zen eta Ainhoa Heredero eta Nerea Eugi ere lehen hogeiren artean amaitu zuten lasterketa.
Honi esker, Landaberri ikastolak ikastetxe eta kluben sailkapenean bigarren postua eskuratu zuen.
Eta atleta txikiez gain, jubenil eta helduen mailan ere herriko parte hartzea izan zen. Jubenil mailan, Sergio Garcia Sierra hamazazpigarren iritsi zen helmugara eta helduen mailan, berriz, Jon Altuna Egitegik lasterketa utzi behar izan zuen.