Itsaso Tolosa, Haitz Mitxelena eta Mikel Esnal, Santurtzin izan ziren, azaroaren 17an, Euskal Zirkuituko 1. jardunaldian. Borja Apeztegia entrenatzaileak azaldu zuenez, “marka pertsonalik lortu ez bazuten ere Itsaso eta Mikel oso txukun aritu ziren”. Bai Itsasok eta baita Esnalek aurreko denboraldian forma egoera onenean zeudenean lortutako markak urte hasieratik berdintzea lortu zuten Santurtziko proban eta “horrek aurtengo denboraldian marka onak lortu ditzaketela pentsarazten digu,” azpimarratu du Apeztegiak.
Probak
Itsaso Tolosak 100 eta 200 bizkar probetan parte hartu zuen eta bietan igerileku laburreko bere marka onenetan igeri egin zuen. “Nahiko erraztasun eta frexkura handiarekin egin zuen igeri eta Espainiako Neguko Absolutuen Txapelketan bere markak hobetzeko moduan izango dela uste dugu,” aipatu du Borja Apeztegiak. Mikel Esnal ere bere marka onenetatik oso gertu ibili zen 50 libre eta 100 libre probetan.
Hala ere, Buruntzaldea IKT-ko entrenatzaileak aipatu zuenez, “100 metro libre proba amaitzea asko kostatu zitzaion baina denbora asko dago oraindik arlo hori lantzeko.”
Txanponaren beste aldea
Baina Haitz Mitxelenak ez zuen bere egun onena izan “oso astun eta uretan bultzadak lortu ezinik ibili zen igeri egindako 100 eta 200 tximeleta probetan”. Eta “datozen asteetako lanaren ondoren Espainiako Neguko Txapelketan Santurtzin egindako marka hobetzea espero dugu,” azpimarratu du Apeztegiak.
Espainiako txapelketa
Izan ere, abenduaren 1ean, Itsaso Tolosa eta Haitz Mitxelena Palma de Mallorca-n izango den, Absolutuen Espainiako Neguko Txapelketan izango dira lehian. Tolosa 200 bizkar proban izango da eta Mitxelena, aldiz, 200 tximeletan. Honela, Estatuko txapelketan markak hobetzeko lan egingo dute aste honetan gazteek.
Master taldea
Honetaz gain, Borja Apeztegiak jakin arazi digunez, Buruntzalde IKT-eko master saila ere martxan da.
Masterrek astean hiru egunetan entrenatzen dutela aipatu digu, “ordutegi desberdinak dituzte batzuk goizean eta besteak arratsaldean”. Jendeak igeriketa taldean sartzeari beldurra kendu diola ere aipatu digu.
Honela aurten 30 pertsona lanean atal honetan, “iaz baino 15 gehiago dira. Taldea martxan jarri genuenetik, badira hiru urte, kopurua handitzen doa zorionez”. Eta aurten ohizkoak diren master mailako txapelketez gain, txapelketa gehiagotan parte hartu nahi dutela aipatu digu Borjak, “batzuk Espainiako txapelketan parte hartu nahi dute”. Gainera, beste klubekin hitz egin eta motibazio modura, liga bat sortzeko ahaleginak egingo dituztela aurreratu du Borjak.
