Taxio Arrizabalaga zinegotzia eta Haritz Iparragirre komunikazio arduradunak agerraldia egin dute goizean udalaren irudi korporatibo berria hautatzeko lehiaketaren berri emateko. Saria 3.000 eurokoa izango da.
Udalaren irudi korporatibo berria hautatzeko lehiaketa aurkeztu dute gaur Taxio Arrizabalaga zinegotziak eta Haritz Iparragirre udaleko komunikazio arduradunak. Aurreko udalbatzarrean onartu zen lehiaketa hau burutzea eta oraingoan oinarriak aurkeztu nahi izan dituzte "beharrezkoa iruditzen zaigu gure udalaren irudia modernizatu eta garai berrietara moldatzea".
Taxio Arrizabalaga zinegotziak azaldu moduan, lau dira udalarentzat irudi berri honek bere baitan izan behar dituen baloreak, "batetik Lasarte-Oria udalerri gaztea dela, 1986an sortutakoa eta bere independentzia lortzeko borrokatu behar izan zuen, Lasarte eta Oriaren batzea, langile herri izaera eta azkenik, urteetako etorkin mugimendu ezberdinek aniztasun kultura ekarri dutela gurera eta ondorioz, herrian dagoen aberastasun kulturala azpimarratuko genuke" hauek guztiak islatu beharko lituzke irudi berriak zinegotziak azaldu moduan.
Hilabete lanak jasotzeko
Haritz Iparragirrek azaldu ditu lehiaketaren nondik norakoak, "datorren astelehenean Boletinean argitaratuko litzateke lehiaketa eta astelehenetik hasita hilabeteko epea zabalduko genuke lanak jasotzeko, beraz urtarrilaren 3a izan daiteke hauek jasotzeko azken eguna".
Irudia hautatzeko garaian herritarren parte hartzea sustatu nahi du udalak eta horretarako hainbat bide zabalduko dira, "lanekin erakusketa bat egingo da eta bertan herritarrek gustukoena zein duten bozkatuko dute, horretaz gain San Pedrotan egin bezala, Interneten aukera izango da ere bozka emateko". Hiru epaimahai sortuko ditu udalak, "nolabait herritarren iritzia izango da bat, herriko elkarteei ere euren hautaketa egitea eskatuko zaie eta hirugarren multzoa udala osatzen duten alderdi guztien ordezkariek osatuko dute. Denen artean irabazlea zein den aukeratuko da horrela."
Udalak bere web orrian jarriko ditu oinarriak "irudia aurkezteaz gain, irabazleak estilo liburua egin beharko du ondoren". Saria 3.000 eurokoa izango da eta herritarrak parte hartzera deitu nahi izan dituzte agerraldian.
Zinegotziak azpimarratu nahi izan du irudi berriaren inplantazioa progresiboa izango dela "irudi zaharrarekin daukagun material guztia bukatu arte ez da berria aterako".
