Milioi terdi lagun bai Bartzelonako kaleetan. Irailak hamaika zituen, Diada-eguna katalanentzat. Urtero ospatu izan dute baina ez aurtengo sona, arrakasta eta jarraipenarekin. Milioi terdi lagun kaleetan ez da nolanahi biltzen eta asko pentsa arazten du argi denez.
Madrilen kezka sortu zuen baten baino gehiagoren barrualdean. Ordurartean Kataluña, aldarrikapen batzuk gorabehera, oso modu errezean eramateko auzia zen estatuarentzat. Aurten ordea alarma guztiak marruka hasi zaizkie independentzia eskean halako jende oldea ikusita.
Hori Madrilen, esan bezala.
Eta Katalunian bertan ere askoren burmuinak martxan jarri ziren. ERCkoek pentsatuko zuten hura zela beraien ideietara bildutako andanaren gozamena. Denak independentista ikusiko zituen estelada-banderak tarteko.
Eta batzuk hala izango ziren baina beste asko nazka nazka egindako herritarrak besterik gabe. Handik dirua erruz joaten dela Madrilera eta bueltan askoz ere gutxiago itzultzen dela somatzen duena.
Eta banderak aipatu ditudanez, hain juxtu, Artur Mas presidenteak manifestari guztien bandera hartu nahian autodeterminaziorako ziaboga jo zuen, nahiz martxa hartan azaldu ez, haien buru buruan jarri nahirik edo.
Eta 62 parlamentarirekin gobernuan zegoen CiUk erabaki kurioso bat hartu zuen: hauteskundeak deitzea legegintzaldiak bi urte ere egin ez zituenean oraindik. Milioi terdiko erakustaldi hartan arrantzan egin eta sare-pelajikoak bota nahi izan zituen Mas presidenteak bi usterekin: jendeak erabakitzeko eskubidearen alde egingo zuela, eta bera hautatuko zutela horretarako gidari.
Lehenengo ustean bete betean asmatu zuen Arturrek, bigarrengoan ez hainbeste: 12 parlamentari galdu ditu CiUk ezustean, eta beti independentziaren alde egin duen ERC saritu dute.
Aspaldiko esaera gaurkotu zaio “molt honorable” katalanari: usteak erdia ustel.