Bildu Kontseiluaren ekimenekin bat

Txintxarri Aldizkaria 2012ko azaroaren 30a

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, abenduaren 1ean Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak “Euskaraz bizi nahi dugu” manifestazioa antolatu du Donostian. Honekin bere atxikipena azaldu du herriko Bilduk ohar honen bitartez.

Kontseiluak deituta manifestazioa egin zen herrian irailaren 22an.
“Lasarte-Oriako Bilduk, euskaldunen euskaraz bizitzeko nahia eta eskubidea errespetatzearen alde egonik, deialdi horrekin bat egiten du. Herritarroi ere deialdiarekin bat egiteko gonbidapena luzatzen dizuegu. Batetik, www.euskarazbizinahidut.org webgunean atxikimendua eman dezakezue. Bestetik, Kontseiluak eginiko proposamenarekin bat eginez zuen etxeko balkoian azaroaren 26tik abenduaren 3ra bitartean ikur hori jartzera animatu nahi zaituztegu. Ikurra eskatzeko, lehendik aipatutako webgunera jo dezakezue edota Kontseilura 943591200 deituta.”

Urte osoan bezala, egun hauetan are gehiago, euskaraz bizitzera, euskaraz gozatzera, animatu nahi dituzte herritarrak. “Guztiok batera lortuko dugu, pertsona bakoitzetik, taldera, taldetik udalerrira eta udalerri bakoitzetik Euskal Herri osora zabalduko den ilusioz eta bizi nahiaz aurrera egitea”.

Alderdien babesik ez
Era berean, Lasarte-Oriako Bilduko Udal taldetik azaldu nahi da, idatzi hau, udalaren izenean eginiko bertsioan, hau gure babesa emateko egindakoa da, aurreko astean udal bozeramaileen batzordera eraman zela bertan landua izateko.

Honetan proposatzen ziren ekimenei babesa eman eta Udalak aurrera eramatea zen helburua. Emaitza ez zen positiboa izan eta bertan bildu ziren alderdiek PSE, EAJ, PP eta LOHP, desadostasuna agertu zuten Bilduren harridurarako.

Bilduren ustetan kontseiluak egiten duen lana euskararen inguruan mirestekoa da eta “Euskaraz bizi nahi dugu” lelopean egingo den manifestazio “euskararen normalizaziorako beste urrats bat bezala ikusten dugu”.

Lasarte-Oria euskararen erabilera bultzatzeko egiten ari den esfortzua, Maratoia azken adibide garbia, ikusirik honelako ekimenei alde txarrik ikusten dionik egoteak ere harridura sortzen dio alderdiari.
“Gure aldetik herritar guztiak euskaraz bizitzearen alde proposatutako ekimenetan parte hartzera gonbidatzen ditugu,” adierazi dute.