Pablo Barrio alkatea pozik azaldu da lehenengoz Lasarte-Oriako udalean diru laguntza banaketa egiteko prozedura, marko objektibo bat ezarri delako "diru laguntzen banaketa arautzeko ordenantza bat onartu zen aurreko agintaldian baina hau aplikatzeko irizpiderik ez zegoen, atzerapena ekarri badu ere azkenean diru laguntza hauek objektiboki banatzeko irizpideak finkatu ditugu behin betiko".
Objektibotasuna azpimarratu nahi izan dute udal ordezkariek, horrela udalak diru laguntzak modu gardenean banatzen dituela ziurtatzen delako "teknikariek euren lana egiteko irizpide zehatzak dituzte eta prozedura gardena bermatuta geratzen da".
Estitxu Alkortak esan bezala urtero argitaratuko dira finkatutako oinarri orokorrak eta ondoren gaikako oinarriak "dagoeneko gehienak publikatu dira".
Eskaera egiteko aldaketak
Udalak dirua banatzeko protokoloa ezartzeaz gain, elkarte zein herritarrek hauek nola eskatu behar dituzten ere aldatu da. "Elkarteen erregistro bat sortu da eta hau oinarri inportantea izango da aurrera begira lanak errazteko". Bi tramite egin beharko dituzte eskatzaile edota elkarteek deialdi honetan parte hartzeko, erregistroan izena eman behar dute lehenengo, alta eman eta diru laguntzaren eskaera egin ondoren. "Erregistroa beti izango da irekia aurrerantzean edozein momentutan alta emateko aukera egon dadin, diru laguntzen eskaera berriz, orain zabaldu da eta urtarrilaren 7a izango da hauek eskatzeko azken eguna".
Lehenengo aldiz ere, diru laguntza gehienak batera argitaratu dira "lana erraztuko dute" eta kiroletako 2012ko laguntzak dira oraindik argitaratu ez eta urtarrilak 7 baino beranduago eskatu ahal izango direnak.
Laguntzak eskatzeko oinarri guztiak Udalaren webgunean daude eta beharrezko kasuetan txantiloiak ere agertzen dira. Hala ere, "ardura duten departamentuek orain arte diru laguntzak eskatzen zituztenekin eta aurten ere Udalera zuzendu direnekin harremanetan jartzeko asmoa dute prozeduren azalpenak emateko".
Hala ere, prozedura berria denez udalarentzat zein herritar edo elkarteentzat, bilera informatiboak egiteko asmoa dago "diru laguntzak aurrerantzean nola eskatu behar diren azaldu eta zalantza guztiak argitzeko baliagarriak izango dira".
Guztira 110.000 euro
Gazteria atalak aurten lehen aldiz diru laguntza berri bat du. Gazteriari orokorrean eta aisialdi esparruko jarduerak diruz lagunduko du honek, guztira 5.723€ bideratuko dira gazteek kontzertuak, hitzaldiak edo bestelako jarduerak antola ditzaten. Gainontzekoei dagokionez, Festak alorrean ohi bezala inauteri eta San Pedro jaietako jarduerak lagunduko dira, konpartsak edo jarduerak garatzeko 7.907 euro izango dira San Pedro Jaietarako 7.228 euro.
Kultura Arteekin, zientziekin, historiarekin, ondare kulturalarekin eta letrekin zerikusia dutenak, animazio soziokulturalekoak, aisiako eta astialdiko ekimenak, sormena sustatzera bideratuak, auzo-elkarteen sustapenean, funtzionamenduan eta jardunean herritarrek parte hartzera zuzendurikoak, eta arte eszenikoen, arte plastikoen, literaturaren edo musikaren esparruan antolatutako jarduerak diru laguntzak izango dituzte eskura guztira 9.070 euro.
Hezkuntzan, guraso-elkarteek garatzen dituzten eskolaz kanpoko jarduera hezigarrientzat 7.494 euro eta kirolean berriz, 2012ko deialdiaren baitan guztira 30.200 euro daude atalka banatuta; kirol laguntza arruntak 12.000 €, kirol federatuan emakumeen parte-hartzea bultzatzeko 8.000 €, kirol jarduera puntualei 9.000 €, gutxiengoan dauden kirol arloan 1.200 €.
Zerbitzu Sozialen berezko jardun-eremuan ekintzak egiten dituzten pertsona edo elkarteentzat. Hau da, biztanle guztien ongizatea sustatzen dihardutenak eta, bereziki, gizartetik baztertzeko arriskua dagoen egoeratan, haurren babesgabetasuneko egoeretan eta dependentziarako arriskua dagoen egoeretan esku hartzen dihardutenak 17.200 euro. Kooperazioari dagokionez, proiektuak garatzeko 38.000 euro aurre ikusi dira.
Hitzarmen bidezko diru laguntzen prozedura finkatuta zegoenez, hauetan ez da aldaketarik izango aurreratu duten moduan.
