02_Pausoka-pausoka, ametsak betez

jon-altuna-egitegi 2012ko abenduaren 2a

Pausoka egiten omen da bidea, urratsez urrats, eta Jalgune Elkarteak 20 urte pasatxo daramatza elkartasunaren bidea jorratzen, herriko ezinduekin lanean. Larunbatean jaialdi erraldoia antolatu zuten eta musika, dantza, mozorro-desfilea, batukada, ezkutaketa erraldoia eta txokolatada egin zituzten festa giroan. Ikustekoak ziren Jalguneko lagunen, hauek zaindu eta maitatzen dituzten begiraleen eta jaialdian parte-hartu zuten herritarren alaitasun aurpegiak. Irribarreak egiten gaitu berdin.

Jaialdi erraldoia prestatu zuen Jalgunek larunbata arratsaldean. Arratsaldeko 18:00tan hasi zen kultur-etxeko emankizuna eta azken hilabeteotan landu dituzten antzerkiak, dantzak eta koreografiak eskaini zituzten ia guztiz bete zen kultur-etxeko areto nagusian.
Gainera, Semblante Rociero-ko lagunei zorionak zuri abestu, eurek grabatutako bideo proiekzioak ikusi eta mozorro desfile festa handiaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratu ziren herritarrek.

Festak etenik ez Okendon
Bistan da Jalguneko lagunak ez direla erraz nekatzekoak, eta kultur-etxeko festaz gain, Okendora eraman zituen batukada-kalejiran parte-hartu, ezkutaketa jolasa egin, ehundik gora lagunekin “pausoka-pausoka” ereserkia dantzatu eta txokolate beroa dastatu zituzten egunari amaiera emateko. Ametsak betetzen jarrai dezazuela, zuengatik eta zuen lagunengatik.