03_Ostadarrek bazkide kanpaina jarriko du martxan

Nerea Eizagirre 2012ko abenduaren 3a

Ostadar Saiarre kirol taldeak abenduaren 10ean emango dio hasiera bazkide kanpaina berriari. Abenduaren 21a arte egongo da irekia kanpaina izena eman nahi dutenentzat. Honetaz gain, Ostadarrek eskerrak ematen dizkie bazkideei haien babesa emateagatik.

Ostadar SKT-ko sail desberdinetako lagunak elkarteko txartelarekin.

Ostadar SKT-k abenduaren 10ean ekingo dio bazkide kanpaina berriari. Honela, kirol egitasmo honen partaide izatera gonbidatzen ditu herritar guztiak eta abenduaren 21 arte bazkide berriek izena emateko aukera izango dutela jakitera eman du.
Era berean, babesa ematen duten herritarrei bihotzez eskertu eta elkartearekin lanean jarraitzera animatzen dituzte elkarteko arduradunek, "kirol egitasmo hau gauzatu ahal izateko zure diru-laguntza ezinbestekoa baita".

Kuota helbideratua

Elkarteak aditzera eman duenez, bazkidetza kuota helbideratuta dutenei urtarrilaren 8an kobratuko diete. Beraz, bazkideek daturen bat aldatu nahi izanez gero, abenduaren 20a baino lehen Ostadarreko egoitzatik pasa behar dute.
Oraindik helbideratu gabe badute etxera iritsirako eskutitza bete eta Ostadarreko egoitzan utzi behar dute bulegoko ordutegian, astelehenetik ostiralera arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara.

Lizentziak

Bestalde, Ostadar SKT-k jakin arazten du, mendiko edo zikloturista lizentzia berritu edo lehenengoz eskuratu nahi duten herritarrek abenduaren 21a baino lehen egin behar dutela.
Lizentzien prezioei buruz jakiteko, Mendiko Gipuzkoako federazioko orrialdean edo Ostadarreko egoitzan eskura daude.