Kabalgatak lagunak behar ditu

maider-azurmendi 2012ko abenduaren 3a

MEGABA (Melchor, Gaspar, Baltasar) elkarteko kideek boluntarioak behar dituzte Errege Magoen kabalgata antolatzeko. Ohitura hau galtzeko arriskuan ikusten dute herritarren parte hartzea lortu ezean. Aurtengo kabalgatak berrikuntzak izango dituela aurreratu dute eta iaz egin bezala, haurrentzako marrazki lehiaketa martxan dela jakitera eman dute. Irabazleen artean, marrazki bat hautatuko dute kabalgata iragartzen duen kartela izan dadin. Haur zein helduak animatu nahi dituzte honetan parte hartzeko.

Danok Kide elkarteak urteetan antolatu zuen Errege Magoen kabalgata, 2010. urtera arte. Ordura arte elkarteak udalarekin hitzartzen zuen kabalgata eta Danok Kideko bazkideen artean eta boluntarioekin antolatzen zuen guztia. Urte hori izan zen beraientzat azkena MEGABA (Melchor, Gaspar, Baltasar) elkarteko kideek azaldu moduan.

2010ekoa antolatzen lagundu zien Txus Alonso herritarrak eta berak hartu zuen orduan lan honen koordinatzailearen lekukoa. Alonsok berak azaldu moduan, lehenengo pausua betidanik kabalgatan laguntzen edota parte hartzen zutenekin hitz egitea izan zen, Danok Kidekoek euren erabakiaren berri eman ziotenean: “Lehen bilera hartatik taldetxo bat atera zen, Boris Nogales tarteko, eta kabalgata aurrerantzean nola antolatuko genuen eztabaidatzen hasi ginen”.

Kabalgatari eutsiz
Denek argi zuten kabalgatarekin aurrera egin behar zela, ezin zela hala nola galtzen utzi eta horrela eratu zuten MEGABA. “Elkarte bezala antolatu ginen udaletxearen diru laguntza eskatu ahal izateko” izan ere, finantziazio falta da oztopoetako bat elkartearentzat.
“Udalak ematen duen laguntzarekin dena antolatzen saiatzen gara baina ez da nahikoa eta bestelako finantziazio bideak lantzen ditugu, komertzioekin adibidez”.

Horretaz gain, elkarteko kideek ekarpen txiki bat egiten dute, gutxienekoa 10 eurokoa da eta “hortik gora bakoitzak ahal edo nahi duena ematen du, dena da ongi etorria”.

Desagertzeko arriskuan
Nahiz eta elkartean 23 kide izan, “lau pertsona gara aurrez dena antolatzen” azpimarratzen du Boris Nogalesek, hau dela eta “elkarteko kide berriak bilatzeaz gain, egun horretan laguntzeko prest izango diren boluntarioak behar ditugu”.

Aurrez horrelako kabalgata bat antolatzeak lana du eta lan taldea handiagoa balitz, errazagoa litzateke dena. “Kabalgata bera desagertzeko arriskuan ikusten dugu, gazteak, gurasoak inplikatu ezean, ezingo dugu aurrera egin, gutxi gara eta lana handia dago, jantziak prestatu, jendea antolatu, kabalgataren bidea zaindu, karroza egin, bokatak prestatu...”

Aurrez kabalgata antolatzen arituko den lan taldea handitzea da helburu nagusia MEGABAko kideentzat, ondoren egunean bertan lan egingo duten boluntarioak topatzea.

Danok Kidek antolatzen zuenean 15 pertsona ziren aurre prestaketa lanetan, orain lauzpabost lagun dira.
“Iaz adibidez, bidea zaintzea egokitu zitzaidan, ibilbide hasieran leku batean egon eta aurrera egin ahala, ni lekuz aldatzen nintzen errepide mozketak egiteko, horretaz gain, oholtza goizean goiz muntatzea egokitu zitzaidan eta dena amaitzean, egunean bertan, kentzea”, azaldu du Txusek.

Desfilean 100 pertsona inguruk parte hartzen du urtero “parte hartze handiak adierazten digu herritarrek oraindik kabalgata nahi dutela herriko kaleetan barrena”. Iaz adibidez Jalguneko kideek parte hartu zuten kabalgatan eta aurten ere bertan izatea espero dute antolatzaileek.

Horretaz gain, kabalgata bera hobetzea posible litzateke kide berrien ideia eta ekimenei esker: “jende gaztea gara taldean eta gauza berriak egiteko gogoa daukagu, kabalgata berritu, agian ibilbidea luzatu, finantziazioa lortzeko esparru berriak landu, baina azkenean lan asko da eta errazena urteroko kabalgata antolatzea da”.

Herrian Olentzero eta Errege Magoentzat lekua dagoela argi dute MEGABAkoek. “Egun umeen artean agian errotuago dago Olentzero, baina Errege Magoek oraindik harrera ona dutela ikusten dugu urtetik urtera, gure artean ohitura garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Gure seme alabekin kabalgata ikusi nahi dugu Lasarte-Orian, gure haurtzaroan guk geure gurasoekin egin genuen bezala”.

Marrazki lehiaketa
Aurreko urteetan egin bezala marrazki lehiaketa antolatu du MEGABAk. Irabazleen artean bat hautatuko da kabalgata iragarriko duen kartela osatzeko. Marrazketa lehiaketan parte hartzeko azken eguna abenduaren 21a izango da eta marrazkia Manuel Lekuonan jarri den postontzi berezian utzi beharko da.
Gaia “Errege Magoak” dira eta adinaren arabera hiru taldetan banatuko dira marrazkiak: hiru eta sei urte artekoak, zazpi eta bederatzi urte bitartekoak eta hamar eta hamabi urte artekoak.

Ume bakoitzak marrazki bakarra aurkez dezake A4 tamainan eta honetan, atzeko aldean, haurraren izen abizena eta adina jasoko da, baita aita, ama edo tutore legalaren datu pertsonalak, izen abizenak, helbidea, telefono zenbaki bat eta posta elektroniko helbidea.

Adin talde bakoitzeko irabazle bat hautatuko da eta “irabazle hauen artean kartelan erabiliko dena hautatuko da, ondoren gure weban zintzilikatuko ditugu marrazki guztiak www.megaba.org”.

Urtarrilaren 5a
Errege bezperan egun osoan zehar eskutitzak jasotzen aritzen dira erregeen laguntzaileak eta postontziak jartzen dira Okendo plazan. Berrikuntzak izango direla aurreratu dute “baina oraindik goiz da dena esateko, hori bai, karrozak itxura berria izango duela aurreratu daiteke”.
MEGABAko kideek herritarrak parte hartzera animatu nahi dituzte. “Eskoletako guraso elkarteei, lagun koadrilei... kabalgata antolatzen laguntzera animatu nahi ditugu. Elkarlanean dena errazagoa litzateke eta ohiturari eusteagatik merezi duela uste dugu”.

Elkarteko kide izateak “ez du ezer egitera behartzen, laguntza besterik ez dugu lortu nahi, ekonomikoki aportatu nahi duenari esker onez hartuko zaio laguntza eta bere lanarekin egun horretan edota aurretik aportatu nahi duena ongi etorria izango da”, hori bai, elkarteko kideen seme-alabek lehentasuna dute desfilean parte hartzeko garaian.

Parte hartzeko prest dauden herritarrak elkarteko webgunean aurkitzen diren telefono eta helbideen bitartez jar daitezke kontaktuan, baita amigosdelacabalgata@hotmail.es helbidera idatzita ere. Laster bilera irekia egiteko asmoa du elkarteak eta honetara herritar guztiak daude gonbidatuta.