Badira bi urte Presoen lagunak taldeak espetxeetatik ideia bat jaso zuela, haiek idatzitako testuak herrian zabaltzea. “Poesia emanaldia egiteko proposamena izan genuen. Presoen olerkiak batu eta beste formato bat ematea pentsatu genuen”, aipatu digu taldeak. Xirimiri elkartean izan zen lehena eta iaz Manuel Lekuona kultur-etxera eman zuen saltoa. “Inpresio ona izan genuen eta jendeari gustatu zitzaion,” adierazi digute. Honela, Lasarte-Orian Eguberrietan ekimen berezia sortu zen, “Harresi guztien gainetik, sarraila guztien azpitik” olerki irakurketa.
Herriarekin elkarlana
Taldeko kideek aipatu digutenez, mugimendu honetan herritar desberdinek parte hartzen dute. “Ez gaude pentsamendu berekoak, ez alderdi berekoak, bai ordea giza eskubideen aldekoak, eskubide zibil eta politikoan alde egiteko prest gaudenak”.
Aurten gainera, Herrira plataformarekin elkarlana egin du taldeak. “Iaz egindako hamabostaldiaren ostean, balorazioa egin eta Herrirarekin koordinatzeko erabakia hartu genuen”, adierazi digute.
Euskal Presoen egoera
Honela bi taldeek indarrak batu eta euskal presoen egoera eta bereziki Lasarte-Oriako presoen egoera salatu eta gogora ekarri nahi dute.
Izan ere, beheko taulan ikusi daitekeen bezala, sakabanaketa politikaren ondorioz lasarteoriatar guztiak Euskal Herritik kanpo daude, horietako seik hogei urte baino gehiago daramatzate kartzelan eta bost herritarrek 197/2006 doktrina edo “biziarteko zigorra” dute.
Eta honetaz gain, egun dauden 142 euskal preso gaixoen artean, Ibon Fernandez herritarra aurkitzen da.
Espetxe egoerak horrela ezin duela jarraitu salatu, euskal presoek eskubideak dituztela ohartarazi eta gatazka honi konponbidea jartzeko bidea aldarrikatzen dute.
Ekimenak
Horretarako, bi taldeek hainbat ekintza antolatuko dituzte Eguberrietan.
Berrikuntza gisa, Presoen lagunak taldeak herritarrak bildu nahi dituen flash-moba antolatu du, abenduaren 23an. “Okendo plazan, 13:00etatik aurrera, izango da eta urdinez joan behar dira parte hartzaileak. Txarra eginez gero Loidi-Barrengo pilotalekuan izango da”, aurreratu dute. Koreografia ikasi nahi duten herritarrek “Harresi guztien gainetik” facebook kontuan aurkitu dezakete taldeak prestatutako bideoa.
Hurrengo entseguen datak ere gogorarazi nahi dituzte, “bihar, abenduaren 4a eta abenduaren 18an trinketean, 18:00etatik aurrera izango dira”.
Era berean, Herrirak antolatuko dituen ekintzak egitarauan txertatuko dituztela jakinarazi du taldeak eta urtarrileko Manifestaldi nazionalean ere izango direla.
Olerki irakurketa
Honetaz gain, oraindik zehaztu gabeko datan, “Barrura begiratzeko leihoak” filma eskainiko dute eta urtarrilaren 4ean, 19:30etik aurrera, olerki irakurketa izango da.
Lan handia dago emanaldi honen atzean eta talde desberdinak dagoeneko lanean ari direla aipatu digute.
Honela Espainia, zein Frantziako espetxeetatik idatzitako testuak irakurriko dira eta ez dira herritarrenak bakarrik izango, “Kartzelak agintzen duen geografia izaten da hori. Ondoko presoarekin harreman asko izaten da eta. Esate baterako, Aitzol Iriondoren ondoan dagoen Jurgi gurea egin genuen hasieratik”, adierazi dute.
Izan ere, “emanaldian sortzen den edo txalo bidez jasotzen dugun emozioa, edo ondoren eurekin trukatzen ditugun inpresioak zuzenak eta barruraino iristen diren horietakoak dira. Eta badakigu indar horrek olatu handienak sor ditzakeela”.

