Oso oilagor gutxi ehizatu dira Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketetan, Berastegitik goizean goiz abiatu eta Leitzaranen bost oilagor bota dituzte txapelketa bakoitzean eta aipagarria da Xabier Etxezarreta lasarteoriatarrak bakoitzean bat bota duela, txapeldunek beste, alegia. Berdinketa dagoenean oilagorra azkena ehizatzen duena izaten da garailea eta berak baino beranduago bota zuten oilagorra Ezkio Itsasoko Asier Sopupek Gipuzkoako Txapelketan eta Durangoko Eugenio Solagaistuak Euskal Herrikoan. Xabier Etxezarreta saiatu da baina ez du beraz lortu hain gogoko zuen txapela.
Txapelketaren aurretik kontatu zigun, gauetan esnatu eta bueltaka loak hartu ezinik ibili zela “Leitzaranekin ametsetan”.”Urduri nago, 14-15 urte ditudala dirudi” aitortu zigun Etxezarretak.
Aspalditik ibiltzen al zara oilagorretan?
Bai, 14 urte nituenetik, aitarekin hasi nintzen, eta hor jarraitzen dugu. Hemen baino, gehienbat Huescan ibiltzen gara.
Zergatik, kanpoan?
Oilagor gehiago daude eta lasaiago ibiltzen gara. Gure mendia daukagu, eta hor gu bakarrik gabiltza.
Zenbat oilagor botatzen dituzu urtean?
Urtearen arabera aldatzen da, baina 50-100 inguru horretan ibiltzen gara. Horietatik bizpahiru bakarrik ehizatzen ditugu hemen, urtean bi aldiz ateratzen bainaiz, txapelketetan. Hemen jende asko ibiltzen da eta gainera kanpoan hiruzpalau egunean ibiliz gero, zakurrak oso nekatuta etortzen dira. Eta hemen atsedena ematen diegu berriz hara joateko.
Gipuzkoako txapelketan ale bakarra bota zenuten, Euskal Herrikoan ere bakarra. Gutxi al da? Hori al da normala hemen?
Gutxi da, bai, iaz 19 oilagor bildu ziren denen artean eta aurten bost. Paseko hegaztia da eta aurten nonbait oso berandu dator oilagorraren pasea. Aste honetan suertea izan dugu Huescan, eta dexente bota ditugu, 17 aste batean eta 22 azkenengoan, baina berandu dator oilagorra.
Beraz arraroa izan da Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketan bost bakarrik botatzea?
Bost bota dira, eta besteren bati kale egin genion.
Gaur lehen baino oilagor gutxiago pasatzen al da?
Nire ustez gutxiago, bai, aste honetan lagunarekin horretaz hizketan aritu naiz. Orain, gutxiago etortzen da eta jende asko kanpora joaten da oilagorretara.
Zergatik etortzen da gutxiago?
Jendea Bielorrusiaraino joaten da oilagor ehizara eta han sarraskiak egiten dituzte: Adibidez aste betean ehun oilagor botatzen dituzte, eta beraz ehun gutxiago datoz. Oso modan dago hara joatea. Gero herrialde horietan negozioa ikusi dute, eta ez dituzte debekuak errespetatzen, hemen adibidez otsailean itxi egiten da oilagorren ehiza eta hara martxoan joanda ere ehizan aritzen zara.
Hemen oilagorretarako tarte motza da beraz?
Bai urrian hasi eta urtearen arabera, urtarrilean edo otsailean amaitzen da. Han aldiz, irailean hasten dira, negozio bezala muntatu dute.
Gipuzkoako txapelketan ia ia txapeldun izan zinen?
Bai, oilagor bana bota genuen. Gorabehera da, zeinek beranduen bota, beranduen botatzen denak balio handiagoa du. Batzuek ez dute hori ulertzen, uste dute oilagorra lehenengo harrapatzen duenak izan beharko lukeela garaile, baina ez, eta badu bere logika. Gutxi gorabehera badakigu mendian oilagorra non dagoen, eta aurreneko momentuan bertara joan eta botatzea da errazena. Zailagoa da beranduago botatzea.
Aukera izan zenuen txapelketa irabazteko ere?
Bai, beste oilagor bat botatzeko aukera izan nuen, eta alde egin zidan. Tiro egin eta ihes egin zuenean, nirekin zihoan juezari esan nion, “hor joan zait txapelketa”.
Bazenekiten gutxi botako zirela?
Bai entzun egiten dira tiroak.
Aurreko urteren batean lortu al duzu postu onik txapelketan?
Iaz ez nuen ezer egin, duela bi urte ez nintzen atera eta duela hiru urte ere hirugarrena izan nintzen Gipuzkoako txapelketan. Orduan irabazleak bi bota zituen eta beste guztiok bat, baina nik ordubata hamar gutxiagotan.
Zer moduz Euskal Herriko txapelketan?
Euskal Herrikoa errazagoa da ehiztari gutxiago gaudelako. Txapeldunak oilagor bat bota zuen azken orduan suerte handiz bere parean aterata. Lehenengoa bota nuen nik eta bosgarrena izan naiz. Ez da oso bidezkoa, nire ustez zakurrak bilatutako eta altxatutako oilagorrak balio handiagoa eduki behar luke. Hori da ehiza.
Lekua ezaguna da gainera gipuzkoarrontzat. Gero eta gehiago ezagutzen ari naiz Leitzaran. Aurreko astetan ibili naiz lagun batekin buelta batzuek ematen. Gehienbat mendia ezagutzen. Oilagorraren ehizak bere gauzak ditu eta oso garrantzitsua da horiek ondo ezagutzea.
Zakurra ere ona behar?
Zakurra ehiztaria baino hobea da zorionez. Ni baino hobea da Truk. Iaz lagun bati utzi nion eta Nafarroako txapelketa irabazi eta Espainiakoan bosgarren egin zuen. Aurten ere, astelehen honetan Xabier Egunean parte hartuko du Nafarroako Txapelketan.
Bi hilabeterekin hartu nion lagun bati, nik hazi dut etxean eta oso ondo dabil. Gogotsu. Nik uste aurtengoa eta hurrengo urtea dituela onenak, 4-5 urterekin dira hoberenak. Lagunarekin hori komentatu dugu, gero eta zaletasun eta gogo gehiago dauka, topera dabil, suertea behar dugu ondorengo txapelketetan.
Ez da erraz erraza oilagorren ehiza, ezta?
Oilagorra mendian oso ezkutatuta egoten da, bilatu egin behar da, asko ibili behar da oilagorrak harrapatzeko. Leitzaran oso mendi gogorra da, dena aldapa, magal bat da dena, zeharkatu egiten da alde batetik bestera eta asko sofritzen dute txorkatilek, etengabe zoaz gora edo behera.
Eta hor hainbeste ehiztariren artean ez al dago arriskurik?
Ez mendia oso handia da. Hori bai, ezagutzen dugu mendia eta denok jotzen dugu gutxi gorabehera toki berberera. Eta han ez badago berriro denok zabaldu ea nonbaiten galdutakoren bat bilatzen dugun...
Beraz Huescan entrenatu zara txapelketarako...
Bai, entrenamendu fuerteak egin genituen eta bi astetan 39 oilagor bota ditugu. Huescan lasaiago ibiltzen gara, ia ez dabil inor, aldapak badaude eta mendia itxiagoa da, ezpela eta pinuak. Hemengo basoak garbiagoak dira pagadi eta hariztiak.
Gabonetako menuan sartzen al duzue oilagorra?
Bai, izaten dugu. Ez gara ehiza jateko oso zaleak, baina Kapritxoa egiten dugu etxean.
Harategian saltzen al duzu?
Ez, ezin da saldu. Debekatua dago. Lagunartean jaten ditugu edo ehiza apreziatzen duten bezeroei oparitu egiten diet. Oraintxe Aratzeko Xabier Zabaletari oparitu dizkiot pare bat. Oso zalea da
Epai mahaiko izan zineten Euskal Herriko Burruntzi lehiaketan... eta herrikoak izan ziren txapeldun gainera, Joxan Lasa eta Juantxo Prieto, ezta?
Berak esan zidan ea joango ziren, oso polita izan zen egun hori.
Oilagorrak ez baina zekorrak bertakoak saltzen dituzu harategian...
Bai Telleri baserrikoak. Oso ondo hazten ditu txekorrak Pedro Arteagak.
Euskararen maratoian eman zenuten probatzeko bat...
Bai, jendea gustura atera zela esan ziguten, eta oso inportantea, denentzat heldu zen. Oso polita da horrelako gauzak egitea.
Uso, basurde, beste era bateko ehizarik egiten al duzue?
Niri zakurrarekin egiten den ehiza gustatzen zait gehienbat. Garai batean galeperretara joaten ginen abuztuan, baina utzita daukat. Galeperra ere asko jaitsi da eta neguan ehizatzeko udan familiarekin eta lanean konplitzen dut. Hori bai, gero garai hau, azaroa, niretzako oso polita da.
Basurderen bat botako zenuen behin edo behin?
Behin, amarekin joan nintzen mendira, Huescan, walki talkiekin, bera perretxiko bila eta ni ehizara. Urria bukaera izango zen, harizti batean ginen bera azpikaldean eta ni goiko aldean, zakurraren eta nire artean basurde bat altxa zen eta gertu gertutik egin nion tiro. Zakurraren gainera erori zen. Basurdea odol-hustutzeko kutxiloa behar nuenez amari deitu nion gora igotzeko, eta sekulako sustoa hartu zuen zakur zuriak odolduta ikustean. “Zer pasa zaik?” galdetzen zuen. “Ezer ere ez”.
Gogoan dut basurdeak 40-50 kilo pisatu zituela eta pasada handia hartu nuela kotxeraino bizkarrean eramaten, erreka pasa behar izan nuen, zakurrek koska egiten zioten... Harategira heldu eta aitak lehenengo gauza: “hori bihar mataderira eraman behar diagu analizatzeko” esan eta pentsatu nuen, jakin izan banu han geratuko zen basurdea.
Beste pare bat basurde ere bota ditut, parean tokatu direlako, baina nahiago dut ez bota. Batetik ez dudalako gustuko eta bestetik zakurrak pikatu egiten direlako. Errazagoa iruditzen zaie zuk basurdea ehizatzea, beraiek oilagorra bilatzea baino. Basurde asko dago. Zakur hori harrez gero basurdea usaintzen duen bakoitzean beldurtu egiten da, ilea harro harro nire ondora etortzen da. Orduan esan nuen kitto.
Beste zaletasun batzuek ere badituzu, nik dakidala palan jokatzea eta zaldian ibiltzea. Zenbat zaldi dauzkazu?
Zaldiena utzi xamar daukat, umeengatik dauzkat hiru. Umeei asko gustatzen zaizkie. Ume bakoitzak bana eta niretzat beste bat dauzkat, eta asto bat ere bai. Etxe inguruan ibiltzen gara. Gehienbat umeek zaldiekin duten tratua gustatzen zait. Lan polita da. Poliki poliki hasi behar da.
Pala ere uztear. Belaunetik operatu naiz aurten eta esan didate frontoia oso txarra dela eta gutxitan ibiltzeko. Azken bi urtetan txapeldunorde izan naiz, eta lau txapel badauzkat palan, baina Euskal Herriko ehiza txapelketa daukat gogoan.
Dena den, niri gehienbat zakurrak gustatzen zaizkit. Nigandik 10 metrora lo egiten dute, harreman handia dut zakurrekin, egunero egunero nago beraiekin eta gozatu egiten dut. Aurten gainera poz pozik nago, ehizan hasi diren bi zakur hazi ditut eta emozionatuta nago, iaz pattal xamar zebiltzan eta aurten ehizan hasi dira. Nire zakurrak badakit ondo egiten duela, baina bi gazteek txoratuta naukate. Hori gustatzen zait. Ehizatzen dugun kantitatea ez da garrantzitsua kalitatea baizik. Nola ehizatzen dituzun.
Egun hauetan Huescan oilagor bati tiro egin eta lagunaren sei hilabeteko zakurrak heldu zion. Gero nire zakurraren laguntzaz ekarri zuten. Lagunak etorri zenean esan zidan, “Zer egin duk?, entzun diat tiroa”. “Azken egunotako politena” esan nion, “sei hilabeteko zure zakurrak ekarri dit oilagorra”. Munduko pertsonarik zoriontsuena nintzen.