Xabier Etxezarretaren Truk zakurra bigarren Nafarroako Txapelketan

jon-altuna-iza 2012ko abenduaren 5a

Xabier Etxezarreta harakin eta ehiztariaren Truk zakurrak Espainiako Oilagor Ehiza Txapelketan parte hartuko du abenduaren 15ean, oraindik erabaki gabe dagoen lekuan. Abenduaren 3an Nafarroako txapelketan bigarren izan zen Truk. Etxezarretak aurretik adierazi zuen gogotsu zegoela zakurra, Euskal Herriko Txapelketan suerterik izan ez bazuen ere, Nafarroakoan aukerak izango zituela eta bere itxaropena bete da.

Truk, bigarren, Nafarroako txapelketan.
Xabier Etxezarretaren lagun baten hiru oilagor bota zituen Nafarroako txapelketan eta bigarren izan da Truk zakurrarekin. Nafarroan hiru oilagor bota eta kontrol postura lehena iristen denak jasotzen du txapela eta bigarrenak heldu ziren Etxezarretaren laguna eta Truk, Nafarroaren Egunean jokatu zen txapelketan.
Huescan ondo entrenatuta dauka Truk zakurra Xabier Etxezarretak. Iaz ere lagun honi utzi zion eta pozik ikusi zuen, Nafarroako txapelketa irabazi eta Espainiakoan bosgarren egin zuela. Truk zakurra bera baino ehiztari hobea dela aitortu du, eta itxaropentsu zen txapelketen aurretik. “Bi hilabeterekin hartu nion lagun bati, nik hazi dut etxean eta oso ondo dabil. Gogotsu. Nik uste aurtengoa eta hurrengo urtea dituela onenak, 4-5 urterekin dira hoberenak. Lagunarekin hori komentatu dugu, gero eta zaletasun eta gogo gehiago dauka, topera dabil, suertea behar dugu ondorengo txapelketetan” esan zigun Xabier Etxezarretak.
Zakurrak dira Xabier Etxezarretaren zaletasun nagusia.

Oilagor ehiza berezia da, mendian ezkutatuta egoten da, zakurrak usaindu behar du, geldi geldi egon eta ondoren altxa ehiztariak tiro egin eta botatzeko. Azkenik, zakurrak oilagorra aurkitu eta ekarri egin behar dio ehiztariari. Zakurrak dira Etxezarretaren pasioa eta batzuek dauzka: “niri gehienbat zakurrak gustatzen zaizkit. Nigandik 10 metrora lo egiten dute, harreman handia dut zakurrekin, egunero egunero nago beraiekin eta gozatu egiten dut. Aurten gainera poz pozik nago, ehizan hasi diren bi zakur hazi ditut. Iaz pattal xamar zebiltzan baina aurten ehizan hasi dira eta emozionatuta nago. Nire zakurrak badakit ondo egiten duela, baina bi gazteek txoratuta naukate. Hori gustatzen zait. Ehizatzen dugun kantitatea ez da garrantzitsua kalitatea baizik. Nola ehizatzen dituzun”.