Azokaren 47. edizioa da bihar hasiko dena eta esan gabe doa, euskal kulturaren hitzordu nagusiena dela. Lasarteoriatar asko izango dira egun hauetan azokara gerturatuko direnak han izango dira besteak beste, Pirritx eta Porrotx.
Astebururako hitzordua
Disko eta liburu azoka baino gehiago da eta kultur ekintza egitarau zabala eskaintzen da. Aurreko urtean baino egun bat gutxiago izango du azokak, baina inoizko egitaraurik zabalena izan ere 253 erakusmahai, 400 nobedade pasatxo eta 300 ekitalditik gora izango dira bihartik igandera bitartean, eta horiek guztiak hartzeko, zazpi gune: Areto Nagusia, Saguganbara,Ahotsenea, Plateruena, Irudienea, K@bia eta Szenatokia. Bereziki azken hiru horiek, iaz zabaldutakoak, nabarmendu dituzte antolatzaileek, horiek indartzeko eta egonkortzeko sekulako ahalegina egin dutela azpimarratuz. Saguganbara, Haur Literatura Aretoa moduan ezagutzen zen orain arte, aurten izen berritu eta egokiago batekin dator haurrentzako ez ezik gurasoentzako ere badelako eta ez delako literaturara mugatzen.
Azokaren baitan ijito herria izango da kultura gonbidatua eta Argizaiola saria Benito Lertxundiri emango zaio euskal sorkuntza eta kulturgintzan erreferente izateagatik. Egun hauetan ez da aspertzeko paradarik izango, zubia egiten dutenentzat plan polita euskaraz eta euskal kulturaz gozatzeko zalantzarik gabe. Ikusi prestatutako egitarau zabala.
