08_Odolaren Mintzoa, Black Absinthe eta Azkaiter Pelox izan dira asteburuko musika menuan

jon-altuna-egitegi 2012ko abenduaren 9a

Beste behin ere, eta Multimusikalaren X. edizioaren bezperatan, hiru kontzertuz gozatzeko aukera izan dute herritarrek asteburuan. Bar de Mau eta Mendi Kafe Rock izan dira hautatutako aretoak, azken aldian musika talde berriei aukerak emanez diharduten tabernak hain zuzen.

Odolaren Mintzoa usurbildarrak eta Black Absinthe talde usurbildar-lasarteoriatarrak izan ziren Bar de Mauko oholtza gainean anplifikagailuei dezibelioak ateraz. Denis, Bazako eta Patxik osatutako Black Absinthe taldearen kasuan, udaran Dualith Studios-en grabatutako "Decadence" diskoa aurkeztu zuten metal gogor eta landu bat eskainiz. Bertaratu zen publikoak, asko izan ez bazen ere, ondo berotu zuen kontzertua eta badirudi pixkanaka Black Absinthe kalitate musikalean gorantz doala, Euskal Herriko metalaren munduan lekutxo bat eginez, ingelesez kantatzen duten arren.

Odolaren Mintzoak eman zien segida Mauko kontzertuei. Usurbildarrak gazteak izanagatik, urte asko daramatzate eskualdeko oholtza, gaztetxe eta festa desberdinak girotuz. Larunbateko kontzertuan euren kalitatearen berri eman zuten, rock leunetik hasita metal kutsu nabarmena zuten kantuak interpretatuz, uneoro kontzertuaren erritmoa ondo eramanez eta tempoa sekula galdu gabe.
Bikain konektatu zuen bertaratu zen publikoarekin Luken Arkarazo, Beñat eta Joanes Txueka eta Jokin Irastorzak osatutako laukoteak. Bestalde, koruak eginez Oihana Arsuaga aritu zen, kantu ilunenei melodikotasuna erantsiz. Aipagarria da era berean oraintsu Euskal Herrian sona duen Banden Lehia txapelketako finalistak izan direla, eta finalera iritsitako lau taldeen artean, epaileen iritziz txapeldunorde izan zirela. Euskal rockak badu etorkizuna.

Kultur Kale Zikloa
Gainera, asteburu honetan Mendi Kafe Rock-en izan da Azkaiter Pelox taldea, "Zamburleiker" diskoa aurkeztuz. Jendez lepo zegoen Mendi Kafe Rock aretoa, arratsalde hotza berotu asmoz bergararren kontzertu goxoa entzuten.