Urte eta erdiko lanaren ondoren Arramazka taldeak uztaila eta abuztuan grabatu du Iruñean disko berria. Aitzol Lasarekin mintzatu gara Arramazkaren lan eta bide berriari buruz.
Argilunpetan izen adierazgarria da disko berriarentzat...
Lehen CDa 2010ean atera genuen gero utzi egin zuten taldekide batzuekin. Gure lehen lanean musika sortu ere hala moduz egin genuen, batzuekin lehenengo, taldekide berri batekin beste kanta batzuek gero, kanta guztiekin diskoa egin, ia bi urte aritu ginen jotzen eta jendea gustura zen gainera. Bira bukatu eta konturatu ginen ez zela hori egin nahi genuena, Irurtzungo azken kontzertuan teklatua ikusleen artera bota eta txikitu egin genuen, gure artean esanaz, “bai disfrutatzen ari gara, baina ez da hau egin nahi duguna, kanta zaharrak dira”...
Nonbaiten kontzertua eman ondoren, Andoni bateria jolea, Mikel Goiku tekla eta biolin jolea eta hirurok Zarauzko hondartza ondoko malekoian txosnetan ginela, hasi ginen disko berri bat egin behar genuela komentatzen. Orduan atera zen lehen aldiz Argilunpetan kontzeptua. Hemen Gipuzkoan batzuetan erabiltzen da “argi ilunpetan!”, “kontuz ilunpetan” esanahiarekin...
Baina beste esanahi bat ere badu, ilun antza edo gaztelerazko penumbra...
Bai, hori da. Hitz jokoa erabili genuen. Betiko dikotomia existentziala, ona eta txarra, zuria eta beltza, iluna eta argia... Zerbait egin nahi genuen, baina hasieratik garbi edukita nola konposatzen hasi. Ukitu kontzeptuala eman nahi genion, alegia, kontzeptu-paradigma bat hartu eta horren inguruan sortzen hasi. Ez genuen kanta sorta bat egin nahi, 10 kantu desberdin sortu, CD batean jarri eta kitto. Kantak beraien artean lotura edukitzea nahi genuen, atmosfera bat sortu. Eta argilunpetan izan zen inspirazio iturria.
Kanta guztietan nabari da, musika argia denean, letra dela goibelagoa, edota musikaren melodia eta armonia astunagoa denean, mezua dela argiagoa. Etengabe ari da argia eta ilunarekin jolasten, diseinua ere zuribeltzean da, soilagoa edo sinpleagoa egin nahi genuen, eta gogoa geneukan zuribeltzean egiteko, ez geunden oso gustura aurreko kontzeptu eta diseinuarekin. Hasieratik, musika doinu eta letra denak sortu ditugu lana Argilunpetan izango zela pentsatuz. Iazko udan hasi, 2011n, eta urtebeteko lanaren ondoren abuztuan amaitu dugu diskoaren grabaketa.
Taldean sortu al duzue musika?
Suertea daukagu. Esperientzia kolektiboak edozein aldetatik dinamitatzen dira normalean: Batzutan alde kuantitatibotik, jende asko baldin bada, bakoitzak hizkuntza desberdin bat hitz egiten badu, bakoitzak era desberdin batean ikusten badu gauza, ez dago ulertzerik; edo hautsi daiteke enpatia faltarengatik; edo izorratu ardura faltarengatik.
Ba guk talde bat daukagu. Elkartu gara bost lagun bizitzan momentu batean Arramazka egiteko gogoarekin. Adibidez, baxu joleak beste musika proiektu batzuek utzi zituen Arramazkan sartzeko, bera, Aroa eta hiruok Gasteizera joan gara aurten asteburu oro, egun osoko entseguak egitera. Talde bat egin dugu eta musika sortzerakoan ere sentimendu horretatik abiatu gara. Talde bezala egin dugu, niri zerbait bururatzen bazitzaidan, Goikuri melodia bat edo Aroari letra bat, hori dena entseguetara eraman eta denon artean egin dugu. Interakzio hori, sormen prozesua, ez da erraza ulertzeko eta batez ere azaltzeko. Elkartu garenean, beti eduki dugu argi eta kontuan kontrastez betetako zerbait izan behar zuela.
Gainera, Aroak poesia oso sakona egin du eta horrek asko lagundu digu. Adibidez, asko maite ditugun bi lagunen Eki semeari kantu bat egin diogu. Aroa arreba etorri eta esan zuen: “esaldi bat daukat: “laztanak lokartzean, esnatzen ziren ametsak... Begiak ireki eta zureak nituen aurrean niri begira“. Letra argia da, soila, positiboa eta, aldiz, musika gogorra, iluna, metaleroa.
Letrak Aroarenak al dira?
Bai, gehienak bereak dira, bat bada nirea. Saiatzen gara betikoari idazten baina beste era batera. Bizitzan gertatzen dira berari buruz idazteko moduko gauzak. Niri gertatu zait kontu bat eta esan nuen: “honi kanta egin behar diot”. Eta gero Omar Jayam, XI-XII. mendeko jakintsu eta idazle persaren poesia bat sartu dugu. Lau bertsoko Rubaiyat poesia laburrak idatzi zituen, Japongo Haikuen antzekoak.
Hitz jokoak gustuko dituzue: ezin-esan, lautada taupadan, zoroen zauri zuria?
Bai, ez da kasualitatea, deliberatua da erabat. Hizkuntzarekin jolastu egiten dugu. Askotan pentsatzen dut, ez gara munduan zehar hiru urte kontzertuak ematen pasako duten Berri Txarrak taldekoak. Guk zertarako egiten dugu hau? Zertarako sortu? Baina musika hain da berezia, musika sortzea hain izugarria, iraingarria ere egiten zaidala gero musika hain letra eskasekin jantzia ikustea, hainbeste panfleto; gaur egun, beti berdina entzutea, beti berdinaz kantari, hitz berberekin, inongo poesia eta metaforarik gabe; Dena esplizituki eta askotan modu desatseginean gainera. Arramazkan beti saiatu gara letrei berea ematen, gainera arrebak zerbait badauka idazteko orduan. Arramazkaren letrak onak dira, bereziak.
Sentimendu unibertsalak dira, hemen Santiago de Txilen edo Kuala Lumpurren, berdin berdin sentitu daitezkeenak, baina euskaraz, gure leihotik edo kosmobisiotik ikusiak. Era berean, oso irekiak ere badira, desberdin interpretatu daitezkeenak, oso disko politikoa izan daiteke baina hori ikusteko prisma bat izan behar duzu eta beste norbaitek beste zerbait ikusi eta ulertu dezake.
Iazko udan hasitako etapa berriaren ondorio da diskoa, baina zerbait geratzen al da aurreko diskotik?
Zuzenekoan aurreko diskoko kanta batzuek eskainiko ditugu noski, baina, bestalde, disko hau ixten duen kanta gure lehenengo diskoko Sorginak Garelako kantuaren jatorrizko bertsioa da. Mikelen piano doinu baten gainean sortu genuen kantu hura, eta gogoa geneukan bertsio hori grabatzeko, askori hobea iruditzen zaigulako. Uste dugu ona izan daitekeela aurreko diskoarekin haria mantentzeko, abesti hori grabatzea baina bere jatorrizko bertsioan.
Dena den, Arramazka Arramazka da. Lehenengo diskoa entzun zuenak bigarrenean Arramazka identifikatuko du, batez ere Aroaren ahotsarengatik, piano eta biolinaren interakzioarengatik. Nahiko berezia da biolin edo teklekin egindako distortsioak entzutea, honelako talde asko ez dago Euskal Herrian.
Identifikatuko dute Arramazka, baina aurrerapausuak eman ditugu alde guztietatik, bai talde izaeran, orain talde bat garelako, lehen ere baginen baina orain askoz gehiago. Ez gara jarri zer estilo egingo genuen pentsatzen, baina egin duguna arretaz egin dugu, momentuan pentsatzen genuen bezala, ez dago betegarririk.
Himnoren bat baduzue jada herriko gaztetxoen artean...
Kontua da herriko dantzari gaztetxoek koreografia prestatu zutela eta mundu guztiak ezagutzen duela “Panoptikoa” kantua, hain juxtu, panoptikoa, kontrol sozialaren esperimentu latzenetarikoa.
Eta Lasarte-Oriatik kanpo lekutxo bat egiten ari al zarete? Bidea egiten?
Lekua nahiko kontzeptu erlatiboa da. Ez dut uste nik Arramazka Lasarte-Oriako talde bat denik. Ezta pentsatu ere. Baterijolea gazteiztarra da, biolin eta teklajolea Aguraingoa, baxujolea Alegikoa, Aroa abeslaria Zarautzen bizi da eta ni Lasarte-Orian bizi naiz, baina beste egunen batean kontatuko dizut herri horretaz uste dudana. Aroa eta biok lagun koadrila hemen daukagu, jo dugu hemen eta herrikoek Arramazka entzun dute. Diskoa Euskararen Maratoian aurkeztea pentsatu genuen, aukera ona ikusten genuelako, baina Mikelen arazoak dena atzeratu du. Baina Gasteizen, Agurainen eta inguruan ere badauka arrakasta.
Euskal Herriko musika talde berrien artean ezagutarazten orduan...
Ez, ez dut uste. Euskal Herriko musika talde kontzeptua bera oso generikoa da. Nik uste hemengo musika-etxeek babestu eta bultzatutako taldeak daudela, baliabideak dauzkatenak, eta horien aldean, gu ia ez gara existitzen musika talde bezala, arramazkazale batentzat ez bada. Arramazka Euskal Herrian asko jota 5.000 lagunek ezagutuko dute.
Joseba Sarrionandia idazlearen tesia da hau: euskaran, Euskal Herrian eta euskal literaturan, ezer ez dago egina, egunero sortzen ari den herri bat gara. Euskal musikan ere berdina gertatzen da. Gure tokia kualitatiboki baino kuantitatiboki aurkitu nahi dugu. Euskal Herrian lekua guk egin dugu, Argilunpetan azken diskoa euskaraz da, euskara hutsean, (gaztelerara itzuli ditut letrak euskaraz ez dakitenei erakusteko eta hori ez da Arramazka). Musikariak gara, proiektu honen baitan ez bagina bildu, taldea ez zen existituko, eta ez ginen musika sorkuntzan arituko. Nik uste gure lekua egin dugula letra larriz. Eta batez ere gure bizitzan. Arramazkak gure bizitzan lekutxo bat egin du. Arramazkak gaur egun musikari egiten gaitu. euskal sortzaile egiten gaitu.
Estilo mailan finkatuta al duzue zuen musika?
Estilistikoki oso anitza da hau, denetarik dago, inditik metal astunera. Ikusi ditzakezu Anestesia, Dut, Peiremans, Mikel Laboa, Berri Txarrak, Kerobia....
Harrera ona izan al du diskoak?
Orain dela oso gutxi kaleratu dugu, baina orain arte bai. Iruñean grabatuta genuen abuztuaren 3rako. Guretzako izugarria izan da eta ingurukoei ere asko gustatu zaie. Dena den, musika adituek ez digute kasurik ere egingo. Begira zer gertatu zaion Zea Mays-i. 15-17 urtetan sekulako diskoak atera ditu, baina inork ez dio kasurik egin, auskako zergatik, abeslaria neska delako edo musika komertziala ez delako, “Era” atera duten arte. Orain mundua jan dute. Gure ustez, Arramazkaren arrakasta erabatekoa da, Argilunpetan errealitatea da, fisikoki existitzen da, euskal kulturgintzari gure ekarpentxoa egin diogu.
Aiora Renteria Zea Mays-eko abeslariak kantatzen du Arramazkaren abesti batean, beste kolaboraziorik ba al dago?
Gartxot gure Donostiako lehengusuak ere kantatzen du zazpigarren abestian, artista handi bat da, Donostiako metal eskola berriko talde inportanteetan partaidea: Yaw-eko abeslaria eta Madeleineko gitarra jolea da. Madeleinekoek orduterdiko kontzertua eskaintzen dute, baina ez dute letrarik, ez dute abesten.
Bideo klipa grabatzeko laguntza tekniko handia izan dugu, Aroa ageri da dantzan eta Isabel Verdini irakasleak lagundu dio koreografia egiten.
Promozio bideoan dantza sartu duzue?
Bai, Arramazka beti dago dantzan. Beti gaude dantzan, dantza talde bat da Arramazka. Besterik ez bada kontzertua eskaini eta gero, dantzan bukatzen dugu. Berri Txarrak taldearen azken diskoan, “haria” kantan esaten du “eta denok dantzatzera behartuta gaude, aurrera egiteko hariaren bila”. Dantza egitea da mugitzea, sortzea... metafora bat da. Arramazkan beti gaude dantzan.
Argilunpetan diskoko abestiren bat nabarmenduko zenuke?
Niretzako kanta guztiak bereziak dira, baina bereziki hirugarren kantua, diskoari izena ematen dion Argilunpetan kantua iruditzen zait berezia. Jendeak hori adierazi digu. Kantua pelikula bat bezalakoa da, oso bisuala, kantuan entzuten ari zarela ikusi egiten da egoera. Alde horretatik asko gustatu zait.
Kontzerturik ez daukazue momentuz?
Ez Mikelen ebakuntza dela eta, udaberrian hasiko garela uste dut. Talde bat gara eta nola aurkeztuko dugu, Mikel gabe? Mikeli edo taldeko edozeini zerbait gertatuz gero, edo norbaitek taldea utzi behar edo nahiko balu, ez genuke beste pertsona bat hartuko. Arramazkan bi urte pasa ditugu asteburuero elkarrekin jotzen, 17:00etan elkartu eta gauera arte, eta askotan ondoren parranda egin. Azken hiru urteak batera pasa ditugu eta familia txiki bat osatu dugu.
Kontzertu gogoangarririk izan al da?
Bai mundialak egon dira, oso onak. Zaraitzun euskara egunean kristoren euri zaparradarekin, Kortxoenea gaztetxean ekipo eskas batekin ia ahotsik gabe geratu ginen, edo Irurtzunen azken kortzertuan tekladoa publiko artera bota eta txikitu egin zutenean. Eta onenetarikoa Bartzelonan, Euskal etxeak antolatutako kontzertuan, Gatiburekin jo genuen, euskaldun pilarekin, kontzertu bikaina atera zen.
Arramazka izena gustuko al duzue?
Hasieran izen batzuek planteatu genituen, atximurka ere gustatzen zitzaidan, espabilatu zentzuarekin. Eta azkenean harramazka baina Hrik gabe aukeratu genuen. Hegoaldean hasperena galduta daukagu, lehengo menderako utziko dugu. Hala ere, lapurteraz eta xibereraz ezinbestekoa da. Beraz ez da baztertu behar, baina...
Taldekideak aurkeztuko al dizkiguzu?
Andoni bateria jolea, Gasteizkoa da, metal astunaren mundutik dator. Mila proiektutan ibilia, azken partaidea izan da eta kohesioa eman dio taldeari. Batukada batean ere jotzen du,
Isra baju jolea, Alegikoa, bertako musika eskolan topatu genuen, 20 urte ditu baina artista da, makina bat eta oso ondo pasatzen dugu elkarrekin, beti umoretsu dago, gustura. Bizizale gozoa da. Aurten Euskal Herriko kantu txapelketa irabazi duen Keiran taldea utzi eta gurekin segitzea erabaki zuen.
Mikel Goiku aguraindarra, biolin eta tekla jolea, ez da aguraindarra, ez da euskalduna, beste planeta batetik jaitsi zen espaziontzi batean biolin batekin. Musikalki izugarria da bizitza osoa darama biolin eta pianoa jotzen, musika irakaslea da, magisteritza musikala ikasten ezagutu nuen, Araba Euskaraz-eko musika, filmetako banda sonoroa,... denetarik egin du. Makina bat da, taldeari nortasuna ematen dio.
Aroari dantzari izateak laguntzen dio oholtza gainean, bi diziplinek, musika eta dantzak, erritmoa dute oinarrian. Nik behin ere ez dut abestu musika tresnarik gabe, baina zaila izan behar du. Aroaren ahotsak garrantzia handia du taldean.
Eta nik gitarra akustikoa jotzen dut distortsioarekin. Kontraste mundiala da. Gitarra jotzen klasikoarekin ikasi nuen eta elektrikoarekin ez naiz moldatzen, gainera perkusiotik nator eta kolpea daukat. Gitarrista erritmikoa naiz solista baino gehiago. Negar egin arazi egiten diot gitarrari armoniatik, akordeetatik. Beste nabardura batzuek dira. Alhambra flamenkoa jotzeko gitarra distortsioarekin entzutea soinua berezia da. Biolina ez dugu asko erabili, gehiago teklak. Lautada taupada txalaparta eguneko sintonian, alboka sartu dugu.
Bost pertsona elkartu gara, bakoitza bere bizipenekin, baina denak bizi zale, musikari eta sortzaileak.
Nola elkartu zineten?
Goiku eta biok unibertsitatean ezagutu genuen elkar, baina hartueman gehiegi ez genuen izan. Gero Gasteiz aldera bizitzera joan nintzenean, behin Zalduondoko jaietan, (aitona Zalduondokoa dut) Mikel Goikuren Gartzen taldea ikusten egon ginen, euskaraz kantatzen zuen Arabako lautadako lehenengo taldea, bidea ireki zuena; kontzertuaren ondoren hitz egiten hasi eta konplizitate handia lortu genuen Goiku eta biok. Gero Aguraingo Aek-n lanean hasi nintzenean gehiago lotu ginen; Bartzelonan ikasten zen arrebari planteatu genion, letra batzuek bazituen, zerbait egiteko gogoa ere bai... Isra eta Andoni gero sartu ziren taldean, baina hauek sartu direnetik da taldea talde. Aurretik talde proiektua zen.
Palestinara egindako bidaiaren arrastorik gelditzen al da Arramazkan?
Duela bizpahiru aste Altsasun jo genuen Mikel eta biok, Su Ta Gar taldearen David eta Goliat-en bertsio bat, erraustegiaren aurkako jardunaldietan. Arrasto hori hor dago Arramazkak beti ekarriko du palestinar herria eskenatokira, Palestinan gertatzen dena ez da eta broma, Siria, Iran, inguruan osoan da egoera latza, baina beti lehenengo Gaza bonbardatzen dute. Palestinara giza laguntza eramaten saiatu zen Estelle finlandiar ontzian jo genuen, oso ederra izan zen.
Katuak arreak al dira Argilunpetan?
Katuak ez zaizkigu gehiegi gustatzen, diskoan ageri dena basakatua da. Pertsonalki bai, zakurrak baino gustukoago ditut, Palestinan ere ez dago zakurrik, denak katuak dira.
Eta Arramazka jendeak ere egiten du.
