Herritar batzuek Islada ezkutatuak Oroimen historikoaren aldeko taldea sortu dute “gure herriko historia interesatzen zaigun talde bat gara. Gure herriko historia hurbila, batez ere 1936tik aurrerakoa”.
Taldeko kideek azaltzen duten moduan batez ere 1936 urtetik aurrera gertatutakoaren jakin minak mugitzen ditu : “gure aurrekoek kontatu dizkiguten pasadizoetan sakontzea nahiko genuke. Beraiei gertatutakoak, familikoei, auzokoei...”
Taldearen helburua “isilpean pasa diren gertaera horiek argitzea eta argitaratzea da, izan ere, historia irabazleek idazten dute eta memoria historikoa herriak idatzi eta kontatu gabeko historia hau, azaleratu, argitaratu, zabaldu eta jakitera ematea da gure helburua”.
1936. urtea hartu du taldeak abiapuntutzat izan ere gerra garaian eta gerra ostean “gurean gertatu zirenak arakatzen saiatuko gara, ezagutu eta ezagutzera emateko eta bakoitzari dagokion estatusa emateko, behar bezalako errekonozimendua eskaini eta jasandako kalteak aitortzeko”.
Aurkezpen ekitaldia
Taldea irekia da eta edozeinek parte har dezake honetan, halaber garaiko testigantzak jasotzen lagundu nahi dutenei gonbitea luzatzen diete beraiekin harremanetan jartzeko. Taldea dagoeneko lanean hasi da eta hainbat datu eskuratu ditu abiapuntutzat, besteak beste fusilatuenak, Lasarten gertatutakoak zein beste herrietan bizi ziren lasarteoriatarrenak. Taldearen aurkezpena Villa Mirentxun egingo da ostegunean 19:30ean. Iñaki Egaña historialariak “1936ko gerra Lasarte-Orian” hitzaldia eskainiko du bertan.
