2013ko aurrekontuak eskatzen ditu PSE-EEK

Txintxarri Aldizkaria 2012ko abenduaren 10a

Udal talde sozialistak hurrengo udalbatzarrean eztabaidatzeko 2013ko aurrekontuak eskatzeko mozioa aurkeztuko du. Honen arabera hilabeteko epea ematen dio udal gobernuari aurrekontu proiektua aurkezteko.

Lasarte-Oriako PSE-EEk mozioa aurkeztu du hurrengo udalbatzarrean eztabaidatua izan dadin. Honetan udal gobernuari eskatzen dio 2013rako aurrekontuak lehen bait lehen aurkezteko. Herriko udal talde sozialistak ohar baten bidez azaldutakoaren arabera, “gobernuan daudenen ardura garrantzitsuenetako bat da diru publikoa kudeatzen duen neurrian, behar bezalako aurrekontu proiektu bat garaiz aurkeztea”.

Iaz udal gobernuak 2011ko aurrekontuak ez zituela aurkeztu salatzen dute eta 2012koak “oso berandu”, ekainaren 18an, onartu zirela. Azken honen harira talde sozialistak Jesus Zaballosen izenean, lotsagarritzat jotzen du gainera udal gobernuak hauek burutzeko kanpoko enpresa bat kontratatu izana eta hala ere, sei hilabeteko atzerapenarekin aurkeztea.

“2013rako aurrekontuak 2012ko abenduaren 31a baino lehen onartu behar dira” izan ere, oposizioan zeudenean PSE-EEri gogor salatzen zitzaion epeak ez betetzea eta hain zuzen “hau da orain egiten ari direna”.

Prietoren hitzak gogora
Ohar honetan sozialistek Plataformako Ana Isabel Prietok oposiziotik esandakoak ere jasotzen dituzte. Prietok bere haserrea azaltzen zuen aurrekontu proiektua ez edukitzeagatik eta udal gobernutik atera eta etxeko lanak garaiz egiteko prest daudenei lekua uzteko esaten zien. “Orain zer egin behar du udal talde sozialistak, udal gobernuaren dimisioa eskatu?”

PSE-EEk mozio honen bitartez udal gobenuari 2013ko aurrekontuak hilabete bateko epean aurkeztea eskatzen du eta Ogasun batzordea hamabost egunetan elkartzea lehen proiektu hori eztabaidatu eta landu ahal izateko.